Berria - Polizia «iraindu» dela argudiatuta, auzitara joko du Rubalcabak

Publié le par Abertzaleen Batasuna

2010-03-17

Polizia «iraindu» dela argudiatuta, auzitara joko du Rubalcabak

«ETAk zuzendutako gezurren kanpainari jarraituz» segurtasun indarren kontra esandakoak «onartezinak» direla uste du

Estatuaren abokatuarekin harremanetan jarri da Rubalcaba, nondik jo erabakitzeko

Agentziak.

Jon Anza desagertuta egon zen 11 egunetan gertatu zenari buruz arrastorik ez baina galdera asko daudenean, Espainiako segurtasun indarretan jarri du begia askok. Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabaren iritzian, ordea, «onartezina» da hori «inolako frogarik gabe» egitea, eta, gainera, bide hori hartu dutenak «ETAk zuzendutako gezurren kanpainan» parte hartzen ari direla uste du. Horregatik, segurtasun indarrek auzian zerikusia izan dutela esan dutenak auzitara eramango dituela ohartarazi du: «Ez nago prest minutu bakar bat gehiago halako akusazioak onartzeko, eta, beraz, segurtasun indarren ohorearen alde, egokiak diren ekintza legalak abiatuko ditut», esan zuen RNE irratian egindako elkarrizketa batean.

Anza desagertu zenetik orain arte segurtasun indarrak jopuntuan jarri dituzten guztiei egin die, gainera, «Estatuaren aurrean erantzun beharko duten» ohartarazpena. «Hemerotekaren errepasoa egingo dut, eta epaileen esku jarriko dut». Estatuaren abokatuarekin elkarlana abiatu du, jada, zein bide hartu erabakitzeko. «Denbora asko daramagu irainak eta kalumniak jasaten, eta nahikoa dugu».

«Frantzia, gure alde»

Bertsio ofiziala bere egin, eta Anza arrazoi naturalengatik hil zela berretsi zuen Rubalcabak, eta Espainiako Estatuaren tresnek «beti legearen printzipioak betez» jokatzen dutela azpimarratu du. Anzaren auzian «akatsak» egon zitezkeela aitortu du, baina Frantziako fiskala eta epaileak gertatutakoa argitzeko lanean ari direla nabarmendu du. Hala, Frantziaren lana goraipatu du: «ETAren kontrako borroka doan bezala doa Frantziako Polizia gure alde dagoelako».

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendia ere seguru dago Frantziako fiskalak eta Poliziak Jon Anzaren heriotzaren inguruko guztia argituko dutela. Ikerketaren aurrean «zuhur» jokatu behar dela gaineratu du Mendiak, Anzaren familiarekiko eta hildakoarekiko berarekiko «errespetuagatik».

Adierazpen horiek eginda, Jon Anzaren auzian gertatutakoari buruzko arreta desbideratu nahian ari da Rubalcaba, bestalde, Alternatibaren irudiko. «Ikerketetan arreta jartzeko» eskatu dio Oscar Matute bozeramaileak; izan ere, auzia argitzen baino tematuago ikusten du Poliziaren «izen ona garbitzen». Hala, ikerketa zehatza egiteko batzorde independente bat sortzea proposatu du, bertsio ofiziala ez duelako sinesgarritzat jotzen, eta argitu gabeko kontu asko daudelako.

Auzia argitzearen alde mintzatu dira jeltzaleak ere. «Zerbait iluna» dagoela adierazi du Andoni Ortuzar EAJren BBBko buruak, eta auziko kontu «ilunak» argitu egin behar direla azpimarratu du Iñigo Urkullu EBBko buruak. Anne Kayannakis fiskalak publiko egindako zalantzak dira argitu beharrekoak, Urkulluren irudiko. Akatsak egin badira, haiek ikertzeko eskatu du. Argitzen ez diren bitartean «susmoak eta itzalak» egongo direla dio Ortuzarrek, eta «interpretazio injustuak» eragozteko, gertatua lehenbailehen argitzeko deia egin du.

Hamaikabatek «kezka» agertu du, «egin izan diren ikerketetan baikortasunera bultzatzen ez duten aurrekariak baitaude». «Sineskaitza» iruditzen zaio «arduragabekeriak» bat bestearen atzetik gertatu zirela esaten duen bertsio ofiziala. Zalantza guztiak argitzeko eta familiari ikerketan parte hartzen uzteko eskatu du.

Batzorde independente bat osatzea proposatu du Brian Currinek


Jon Anzari gertatutakoa argitzeko, batzorde independente bat osatzeko eskatu du Brian Currin gatazka prozesuetan bitartekari aritzen denak. Hala egingo balitz, «indarkeria mota guztien kontrako jarrera erakutsiko luke gobernuak», haren irudiko.

Ezker abertzaleak indarkeria gabeko bideen aldeko konpromisoa hartu duela azpimarratu du Currinek, eta helburu hori lortzeko «gogor» ari dela lanean. Baina, hori politika berria bihurtuko bada, «indarkeria ezaren printzipioa» guztiek egin behar dute bere, Currinen irudiko, «gobernua barne».


http://paperekoa.berria.info/harian/2010-03-17/008/007/Polizia_%C2%ABiraindu%C2%BB_dela_argudiatuta_auzitara_joko_du_Rubalcabak.htm

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article