Berria.info - Uribetxebarria berehala ez askatzea legez kanpokoa dela dio defentsak

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Uribetxebarria berehala ez askatzea legez kanpokoa dela dio defentsak

Abokatuak azaldu du helegiterik ez dagoen artean berehala bete behar dela ebazpena, eta horixe eskatu diote Espetxe Zaintzari

Fiskaltzak datorren astearen hasieran argituko du helegitea jarriko duen ala ez

HODEI IRURETAGOIENA DONOSTIA

Uribetxebarria baldintzapean aske uztea erabaki ondorengo lehen elkarretaratzea egin zuten atzo Donostiako Ospitaleko atarian. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

 

Josu Uribetxebarriaren abokatuek adierazi dute zegoen aukera bakarra zela Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileak larri gaixo den presoa baldintzapean aske uztea onartzea. Hala ere, uste dute ebazpena berehala indarrean ez jartzea «legez kanpokoa» dela. «Ebazpena berehala aplikatu behar da», esan du Arantza Aparicio abokatuak. Horretarako, eskutitz bat aurkeztu dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaitegian, Uribetxebarria berehala aske uzteko eskatzeko. Bestalde, habeas corpusprozedura ere abiarazi dute Donostiako Zaintza Epaitegian, Uribetxebarria «legez kanpo atxilotua» dutela argudiatuta. Prozedura hori askotan erabili izan dute euskal presoen abokatuek, pertsona bat atxilotua eta inkomunikatua egon denean, tortura arriskua argudiatuta. 

Bi bide horietatik ekin diote abokatuek Castroren ebazpena betetzeko eskaerari, Uribetxebarria lehenbailehen espetxetik ateratzeko. Izan ere, Castro epaileak «gizatasun arrazoiak», «pertsonen duintasuna» eta «duintasunez hiltzeko eskubidea» aipatuta baldintzapean aske uztea onartu arren, bost laneguneko epea eman die aldeei helegitea jartzeko. Ondorioz, Uribetxebarriak preso jarraitu beharko du, gutxienez, datorren osteguna arte. Apariciok salatu du erabakia indarrean ez jartzea ez dagokiola Castro epaileari eta, beraz, bere eskumenetatik kanpo jokatu duela: «Fiskaltzak helegitea aurkezten badu, baldintzapean aske ez uzteko eska dezake. Baina hori ezin du Espetxe Zaintzako epaileak erabaki, inoiz ez». Erabaki hori hartzeko, beraz, aldeetako batek helegitea aurkeztu behar du lehenik. Gainera, helegitea aurkeztuta ere, Auzitegi Nazionaleko aretoaren esku dago ebazpena indargabetzea, ez Castro epailearen esku. Horrez gain, 7/2003 lege organikoan ere oinarritu da Castro Uribetxebarria berehala ez askatzeko, lege haren bidez, zigor kodeko 406 artikuluari erreferentzia eginda. Apariciok gogorarazi du zigor kodeko artikulu hori konstituzioaren aurkakotzat jo zuela Auzitegi Konstituzionalak, eta beraz, «astakeria» dela horretan oinarritzea.

Uribetxebarria baldintzapean aske geratuko balitz, ezingo luke biktimengana zein haien familien etxebizitzetara gerturatu, ez eta «indarkeria goratzen duten manifestazioetan» parte hartu eta «zentzu horretako» adierazpenik egin. 

Presioa, fiskaltzaren gain

Fiskaltzak iragarri du aztertzen ari dela helegitea jartzeko aukera. Bertako iturriek jakinarazi dute espetxe zaintzako fiskala «arretaz» ari dela aztertzen Castro epailearen ebazpena. Ebazpena «konplexua» dela esan du, eta jakinarazi du datorren astearen hasieran plazaratuko duela bere iritzia. 

Prozedura guztian, Uribetxebarria aske uztearen aurkako jarrera erakutsi du fiskaltzak. Lehenik, presoari hirugarren gradua ematearen aurka agertu zen. Gero, iritzia emateko epea atzeratu zuen, Donostiako Ospitalearen txostenak osatzeko eskatuta; eta bide batez, Castro epailearen erabakia atzeratu zuen horrela. Azkenik, aurreko astean, Uribetxebarria baldintzapean aske uztearen aurka agertu zen, Auzitegi Nazionaleko auzi medikuen txostenean oinarrituta. Horrela, esan zuen Uribetxebarriaren egoera ez zela «atzeraezina» eta espetxean arta dezaketela, Donostiako Ospitaleko medikuek eta Angel Yuste Espetxeetarako Zuzendaritzako idazkari nagusiak diotenaz bestera.

Gauzak hala, fiskaltzak datorren osteguna baino lehen helegitea aurkeztuz gero, Auzitegi Nazionaleko zigor aretoko lehen sekzioaren esku legoke erabakia. Fernando Grande-Marlaska epailea da areto horretako buru.

Uribetxebarriaren kasuan orain arte egin izan duen bezala, AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartea eskura dituen presio bideak erabiltzen ari da presoa aske utz ez dezaten. Elkarteko presidente Angeles Pedrazak helegitea jartzeko eskatu dio fiskaltzari, eta gogorarazi du lehen ere baldintzapean aske uztearen aurka agertu zela. «Lehen horren aurka egin bazuen, orain ere helegitea aurkeztearen alde egon beharko luke», argudiatu du. Horrela, Zigor Aretoaren esku legoke erabakia, eta Pedrazak uste du «kasu gehiago» egingo diela auzitegi medikuen txostenei Grande-Marlaska buru duen aretoak. «Hori da biktimen esperantza bakarra», gaineratu du. UPDko Rosa Diezek ere «koherentziaz» jokatzeko eta helegitea aurkezteko eskatu dio fiskaltzari: «Orduan ikusiko dugu irizpide propioa duen ala ez».

 

www.berria.info

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article