Berria.info - Uribetxebarria baldintzapean aske uztearen aurka azaldu da fiskala

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Uribetxebarria baldintzapean aske uztearen aurka azaldu da fiskala

 

Pedro Rubirak argudiatu du euskal presoa ez dagoela «fase terminalean», legediak baldintza hori eskatzen ez duen arren

Uribetxebarria espetxean artatu daitekeela esan du, gaixotasunak okerrera egin arte

JOKIN SAGARZAZU DONOSTIA

Josu Uribetxebarria presoari baldintzapean aske uztearen aurka azaldu da Pedro Rubira Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskala, presoak duen minbizia Zaballako espetxean (Araba) artatu daitekeela argudiatuta. Esku artean dituen mediku txostenek Uribetxebarriaren gaixotasuna larria eta sendaezina dela dioten arren, fiskalak esan du txosten horietan ez dela frogatzen presoa «fase terminalean» dagoenik. Horrenbestez, dio «une honetan» Uribetxebarriak ez dituela betetzen aske uzteko baldintzak, eta hala azaldu dio Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileari. Hark erabaki beharko du orain Uribetxebarria baldintzapean aske uzten duen edo ez. Aste honetarako espero da erabakia.

Aske uzteko baldintzen artean, baina, Espainiako legediak ez du aipatzen presoak «fase terminalean» egon behar duenik, baizik eta hark duen gaixotasunak larria eta hilgarria izan behar duela. Hala diote Espainiako Zigor Kodearen 92. artikuluak eta Espetxe Araudiaren 196.2 artikuluak. Jurisprudentzia ere gaixotasun larriak dituzten presoak baldintzapean aske uztearen aldekoa da, besteak beste, presoek duintasunez hiltzeko eskubidea dutela argudiatuta.

Eta hori da, Uribetxebarriaren kasuan, Osakidetzako eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzi medikuen txostenek berretsi dutena. Bi txostenek diote presoaren gaixotasuna «oso larria» dela eta ez duela «bueltarik».

Gaixotasun bat «oso larria» dela definitzeko orduan sor daitezkeen «bariazio subjektiboak» saihesteko, 2000. urtean Espetxe Zuzendaritzak zirkular bat kaleratu zuen gaixotasun larria zer den zehaztuz. Hala, zirkular horrek dio, besteak beste, eta «tratamendua gorabehera», gaixotasun larri gisa hartu behar dela urtebetean hiltzeko arriskua gutxienez %10 bada; edo Karnofsky indizearen arabera, %50 edo txikiagoa bada.

Osakidetzaren eta auzitegiko medikuaren txostenek nabarmen gainditzen dituzte gaixo dagoen preso bat baldintzapean aske uzteko orduan erabiltzen diren baremoak. Osakidetzaren arabera, Uribetxebarriaren baldintza berdinak dituzten gaixoen %90ek urtebete baino gutxiago irauten dute bizirik; auzitegiko medikuarentzat, berriz, %50ek —Karnofsky indizea erabilita—. Bi txostenek, halaber, ohartarazten dute arriskua handitu daitekeela urtebete igaro ondoren, haren gaixotasunak bueltarik ez duela aipatzen baitute.

Aurrera begira, agian

Auzitegi medikuarentzat, baina, ezin da esan Uribetxebarria «fase terminalean» dagoenik, «nahiz eta diagnostikatutako minbiziak oso pronostiko txarra duen».

Horrekin bat egin du fiskalak, eta auzitegi medikuak bezala, hark ere nabarmendu du presoak ez duela kimioterapia eta erradioterapia tratamendurik jaso, oraingoz, eta hori «elementu garrantzitsua» dela eriaren «benetako bizi-itxaropena» zehazteko. «Behin dagokion tratamendu medikua hasita eta gaixotasunak duen bilakaerak erakusten badu haren bizitza arriskuan dagoela, baldintzapean aske uztea adostu beharko litzateke, aitzakiarik gabe».—Espetxe Zuzendaritzaren zirkularraren arabera, halere, hiltzeko probabilitate baremoak hartu behar dira kontuan, ez tratamendua—.

Hori hala, «oraingoz» presoa espetxean artatu daitekeela uste du fiskalak, auzitegiko medikuak ostiralean esandakorekin bat eginez. Eta gaineratu du Espetxe Zuzendaritzak ezarritako hirugarren graduak ahalbidetzen duela presoak behar duen tratamendua modu «malguagoan» jasotzea.

Fiskalak hirugarren gradua ezartzearen aurkako helegiterik jarri ez badu ere, baldintzapean aske uztearen aurka aurkeztutako eskaeran gaineratu du Uribetxebarriak ez diela ETAren biktimei «barkamena» eskatu eta ez duela «ETA utzi». Baldintza hori, baina, ez dago gisa honetako kasuetarako aurreikusita.



 

Martxan parte hartuko duten deitzaileetako batzuk, atzo Donostian eginiko agerraldian. / JON URBE / ARGAZKI PRESS

 

Donostiatik Arrasatera, preso gaixoen alde

Hamalau pertsona ezagunek dei egin dute hamalau preso gaixoen askatasuna eskatzeko martxan parte hartzeko

PELLO URZELAI DONOSTIA

Hamalau pertsona ezagunek dei egin dute gaixorik larri dauden hamalau presoak aske uzteko eskaera plazaratzeko martxa batean parte hartzeko. Gaixo dauden 14 presoak etxera lelopean, martxa Donostiako Ospitaletik abiatuko da bihar, eta, oinez, Arrasatera iritsiko da larunbatean. Ibilaldiak lau etapa izango ditu: Donostiako Ospitalea-Zarautz, Zarautz-Deba, Deba-Soraluze eta Soraluze-Arrasate.

Martxak hamalau pertsona ezagunen sostengua du, baita martxan parte hartzeko konpromisoa ere. Honako hamalau pertsona hauek dira ekimenaren deitzaileak: Naroa Iturri, Txaro Arteaga, Nekane Altzelai, Joan Mari Irigoien, Inaxio Kortabarria, Xabier Morras, Pello Iraizoz, Julio Soto, Juan Maria Feliu, Martxelo Otamendi, Andoni Egaña, Peio Dufau, Josu Juaristi eta Ramon Labaien. Hamalauak ezin izan ziren egon atzoko agerraldian, baina gehienak bai.

Espetxe politikaren aldaketa

Hamalau deitzaileen izenean, Naroa Iturrik eta Txaro Arteagak azaldu zutenez, «euskal jendarteak hamarkadetako sufrimendua, giza eskubideen urraketa eta elkar ulertze eza atzean uzteko abagune historikoa bizi du». Pertsona guztien giza eskubide guztien errespetua ardatz izango duen aroa eraikitzeko bidean, «egungo espetxe politika traba nabarmena da», martxaren deitzaileen ustez. Bereziki, gaixorik dauden presoen egoera salatu dute, eta horiek askatzeko mekanismoak abiarazteko eskatu dute. «Uribetxebarriak legez eta eskubidez aske behar zuen arren, bere egoera krudelki luzatu dute», salatu dute.

www.berria.info

Commenter cet article