Berria.info - Poliziak ezin izan du atxilotu Aurore Martin, herritarrek operazioa oztopaturik

Publié le par Abertzaleen Batasuna

2011-06-22

Poliziak ezin izan du atxilotu Aurore Martin, herritarrek operazioa oztopaturik

Zuberotarra zegoen etxera sartu, eta beso eta hanketarik harturik, Batasuneko militantea herrestan eramaten saiatu dira

Frantziako Barne ministroak argi utzi du Espainiaratu eginen dutela

Jenofa Berhokoirigoin Baiona

Prentsaurrekoa egin zuten Funosasek, Larraldek eta Martinek, herritarrak inguruan zirela sostenguz. / GAIZKA IROZ


Martin herrestan eramaten saiatu ziren. / JENOFA BERHOKOIRIGOIN

Aste honetan izan zitekeela bai, baina hain goizik ez zuen espero Aurore Martinek, Espainiaratu nahi duten Batasuneko kideak. Atzo arratsaldean, 14:45 aldera, Baionako Euskaldunen karrikako etxe batera sartu, eta emakumearen atxilotzen saiatu zen Frantziako Polizia. Baina, berehala, bertan bildutako berrogei bat herritarrek atxiloketa oztopaturik, ez zuten lortu, eta alde egin zuten. Nahiz Poliziak erran kopuru handiagoan berriz bazetozela, ez zuten bigarren saiorik egin. Dena dela, determinazioa adierazi zuen Claude Gueant Frantziako Barne ministroak, eta argi utzi «euroagindua gauzatuko dela, Frantziako Poliziaren eginbeharra delako».

«Ikusiko dugu ondoko egunetan zer eginen duten; dena dela, argi utzi dute atxilotuko nautela, gaur ez bada bihar», zioen Martinek. «Tentsio handia» bizitu zuen Batasuneko militanteak. «Biziki bortizki» pasa zela zioen, bihotza abiadura handian ari zuela. Zegoen etxeko atea hautsi eta bortizki hartu zuten, hanketarik eta besoetarik loturik, herrestan zeramatela. Baina, eskaileretan bildutako jendeak bidea itxi, eta ezin izan zuten urrunago eraman. Laster, San Andres plazara abiatzeko hautua hartu zuten bertakoek, eta herritarrek babesten zutela egin zuen bidea Martinek, elkartasunezko oihu eta txalo artean.

«Herri harresiaren isla»

Laster bete zen plaza ere, berrehun bat lagun inguru zirela bertan, gaua iritsi arte. Tartean, familia eta hurbileko lagunez gain, hautetsi, eragile sindikal eta sozialak, herritar xumeak, kanpatzen dabiltzan haserretuak... Elkartasunez, jende anitz bildu zen. «Larunbatean Miarritzen islatu eta helarazi nahi genuen herri harresiaren beharraren mezua gaur egun konkretuki zer den agertu da», zioen arratsaldean Batasuneko militanteak.

Bertan egon zen Marie-Christine Aragon Alderdi Sozialistako kontseilari nagusia: «Demokrazia batean, arazo politikoak atxiloketekin ez, baina hautestontzien bidez konpontzen dira», ohartarazi zuen. Solidaires sindikatuko Francis Charpentierrek ere «militanteen aurkako jazarpena burutzeko tresna den euroaginduaren bukaera» exijitu zuen, eta LABeko Maylis Iriart ere «elkartasunez, erabaki politiko horren gaitzesteko» joan zen.

Aralarrek ere gaitzetsi egin zuen «oinarrizko eskubideen urraketa». «Bide soilik politikoetatik jarduteko eskubidea bermatzeko» eskatu zieten Frantzia zein Espainiari. Ezker Abertzaleak ere txalotu egin zuen atxiloketa saihesteko eginiko mobilizazioa. Hala, irekirik den aro politiko berriari «ekarpen eraikitzailea egiteko» eskatu zieten bi estatuei.

«Ez dator bat» prozesuarekin

Prentsaurrekoa eman zuten bertan Xabi Larralde Batasuneko bozeramaileak, Anais Funosas euroaginduaren aurkako kolektiboko kideak eta Martinek berak. Euskal Herrian «egoera berri bat sortu» dela eta «gatazka konpontzeko prozesuaren nahia gizarteak agerian utzi» duela ikusirik, «ezin onartuzkotzat» jo zuen Larraldek Martini gertatutakoa. Hura Batasuneko mahai nazionaleko kide dela oroitarazirik, gogor gaitzetsi zuen haren atxiloketa ez datorrela bat «egoerak eskatzen dituen urratsekin». Hori dela eta, «behin betikoz eta ahalik eta lasterren, gatazkaren konpontzeko logikan sartzeko» exijitu zion Frantziako Estatuari, eta horri begira «erantzukizunetan lehena Martinen Espainiaratzea ez betetzea» dela gehitu zuen. Oroitarazi zuen baita ere ideia politikoak defenditzea dela militantearen aurkako euroagindua agintzeko arrazoi bakarra.

Atxiloketaren saioa eta Frantziako Poliziaren bortizkeria salatu zituen Funosasek. Oroitarazi zuen Miarritzen larunbatean milaka jendek «salbuespenezko legedien deuseztatzea» eskatu eta «gatazkaren konponbidea» aldarrikatu zutela. Oraindik gehiago, mobilizaziorako deia egin zuen, «denek elkarrekin, Frantzia bere erantzukizun aitzinean jartzea eta gatazkaren konponbide demokratiko politiko bat abiaraztea lortzeko».

Bide horri segika, Martinek ere adierazi zuen «ilusioa eta esperantza» sortu ziola larunbatekoak, eta berretsi egin zuen herri harresi hori dela «Euskal Herriak merezi duen konponbide demokratiko batera hurbiltzeko eman beharreko urratsa».


http://paperekoa.berria.info/harian/2011-06-22/006/001/Herritarrek_Aurore_Martin_babestu_eta_Poliziak_atxilo_eramatea_eragotzi_dute.htmBi mila lagun joan ziren larunbatean Miarritzera, Askatasuna Aurore Martinentzat, eskubide zibil eta politikoen errespetua lelopean antolatu ekitaldira. Iazko abenduaz geroztik gordeta egon ondoren, jendaurrean agertu zen orduan Martin, herritarren txalo zaparrada luze eta beroen artean.

Orduan zuen egun bukaerako ekitaldi politikoan «herri harresiaren» proposamena azaldu: «Herriz herri, auzoz auzo, bakoitzaren ibilbidean eta erritmoan, bere historia errespetatuz, eraiki dezagun errepresioa eta inposizioa geldituko duen herri harresia».

Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article