Berria.info - Olzomendi eta Hirigoien espetxeratu egin dituzte

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Olzomendi eta Hirigoien espetxeratu egin dituzte

 

2010-04-04

 

Larunbat gauean eraman zituzten epailarengana, eta bat Meauxeko kartzelan sartzeko agindu zuen eta bestea Nanterrekoan. Asteartean atxilotu zituen Frantziako Poliziak etxe agentzien eta gune turistikoen kontrako erasoekin lotuta. Beste sei gazte ere atxilotu zituzten, baina aske utzi dituzte gainerako guztiak.

 

Joan den asteartean Frantziako Poliziak Lapurdin egindako sarekadan atxilotutako Mattin Olzomendi eta Peio Hirigoien espetxeratzeko agindu du epaileak, larunbat gauean deklarazioa hartu ondoren. Meauxeko espetxean sartu dute bat, eta Nanterrekoan bestea.

Etxe agentzien, eta, oro har, turismo guneen kontrako erasoekin zerikusia izatea egozten diete bi gazteei. Haiekin batera beste sei atxilotu zituzten astearteko sarekadan: Iker Edme, Joel Zurutuza, David Bachacou, Arkaitz Toner, Xabi Hirigoien eta Peio Elizeri. Edme, Zurutuza, Bachacou eta Toner asteazkenean utzi zituzten libre; Hirigoien eta Elizeri, berriz, ostiralean.

AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu du zortzi gazte horiek 2008an eta 2009an interes turistikoen kontra egindako erasoekin lotuta atxilotu dituztela, eta urtebetean 33 lagun atzeman dituztela arrazoi beragatik. Horietatik lau preso daude joan den ekainetik Parisen, eta orain, Olzomendi eta Hirigoien gehitu behar zaizkie.

Atzo mila eta berrehun lagun inguruk manifestazioa egin zuten Hazparnen atxiloketak salatzeko. Era berean, EHZ festibalaren egoitza miatu du Poliziak azken sarekada honetan, atxilotuetako bat, Olzomendi, jaialdi horretako langilea delako. EHZk bere kontrako erasotzat hartu du sarekada, eta elkartasun kanpaina jarri du abian. Dagoeneko ehunka lagunek sinatu dute elkartasun adierazpena, besteak beste, hainbat hautetsi, erakunde eta artistak.

 

http://www.berria.info/albisteak/40263/Olzomendi_eta_Hirigoien_espetxeratu_egin_dituzte.htm

 

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article