Berria.info - Libertateari neurria hartzen

Publié le par Abertzaleen Batasuna

EUSKAL PRESOAK

Libertateari neurria hartzen

Harrera Taldea Elkarte Asistentziala sortu dute euskal presoak espetxetik ateratzen direnean haiei laguntzeko. «Egoera zailei aurre egin behar diete, eta ez dugu nahi bide hori egiterakoan haiek bakarrik egoterik».

OIHANA ELDUAIEN ZARAUTZ

Jon Ugarte eta Fernando Etxegarai preso ohiak eta elkarteko kideak. / ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

 

Itxi da sarraila. Atetzarraren kanpoan da presoa. Giltzapetik aske. Lasai egon nahi du, baina ezin. Euforia. Familiakoak, lagunak, ongietorriak, afariak, pozak. Egunak aurrera, bakoitza bere zereginetara bildu da. «Eta orain, zer?». Preso ohiak ez du lanik. Ez du dirurik. Ez du etxerik. Lagunak eta familia. Ondo dago, baina besteen mende dago. Burujabe izan nahi du, eta jendeak bihotz onez ordaintzen dizkion tragoak berak ere ordaindu nahi dizkie alboan izan dituenei eta dituenei.

Kartzelatik atera denak badaki zer den hori. Guztiek edo ia guztiek pasatzen dituzten faseak dira. Laguntza behar dute, eta horretarako sortu da Harrera Taldea Elkarte Asistentziala. «Preso ohiak egoera zailei aurre egin behar die, eta ez dugu nahi hori bakarrik egitea», dio Jon Ugartek. Preso ohia da Ugarte, eta elkarteko kidea. «Gatazka politikoaren ondorio diren preso eta iheslariei herriratzen direnean laguntzeko sortu dugu elkartea».

Preso ohiek beti babestu izan dituzte beraien ondoren atera direnak. Urteetan modu inprobisatuan eta desordenatuan egindako lana modu antolatuago batean egiteko sortu dute elkartea. Egoera politiko honetan presoak askatzen joatea espero dute, eta iheslariak ere bueltan izatea.

Haiei guztiei, laguntzeko prest eta xedez dago elkartea, batez ere, administrazioarekin egin beharreko tramiteetan —diru laguntza jasotzeko, nortasun agiriak eta gidabaimenak arautzeko...—, lana eta etxebizitza topatzen, osasun arazoei buelta ematen —Jaiki Hadi elkartearen laguntza dute horretarako—, eta gizarterako itzulera eta egokitzea ahalik eta erosoen egiten.

Horretarako, hiru alor nagusitan antolatu dira, Fernando Etxegarai preso ohiak azaldu duenez: Batetik, herrietako sarea antolatzen ari dira—Ugarte da sarearen koordinatzailea—; bigarrenik, laguntza administratibo juridikoa emateko lantaldea osatu dute —Fernando Etxegaraik dauka ardura—; eta hirugarrenik, formakuntzaz eta lanaz arduratzen den taldea dago—Juan Karlos Ioldik koordinatzen ditu—. Legeztatu egin dute elkartea, eta izendatu dituzte legez behar diren hiru figurak: Andoni Iturriotz da lehendakaria, enpresaria da, Anai Artean elkartekoa, enpresa munduan kudeaketan ibilitakoa eta euskaltzalea. Diruzaina Sabino Barinagarrementeria da, enpresa munduan eskarmentu handikoa. Eta idazkaria, Ainhoa Erkizia abokatua.

Gizarte osoari zabalduta

Elkarteko gehienak preso ohiak dira, baina gizarte osoari irekitako elkartea izan nahi dute: «Azkenean, gatazka politikoaren ondorioa dira preso eta iheslariak, eta hori gizartearen arazoa da, denon artean konpondu beharreko zerbait», dio Ugartek. Elkarte zabala izatea nahi dute, irekia, edozeinek edozer ekarpen egiteko elkartea. Dirua emanez, arreta jarri eta lanpostuen berri izaten lagunduz... bakoitzak ahal duenean laguntzea nahi dute. Horretarako, sarea ehundu nahi dute herriz herri, eta sare hori izango da elkartearen oinarria. 

Sare hori bazkidetza bidez eratu nahi dute, besteak beste. Izan ere, beharrei aurre egiteko dirua behar dute. Bost euroko kuoten bidezko bazkideak lortu nahi dituzte. Hori izango da elkartearen diru sarreren oinarria, baina ez da sarrera bakarra izango. Elkartea sendotzen denean, diru laguntzak-eta eskatuko dituzte, eta bestelako ditu ekarpenak ere bilatuko dituzte.

Laguntza beharko dute zeregin horietarako. Kontaktuak egin dituzte enpresa munduko jendearekin, eragile politikoekin eta gizarte eragileekin. Haiek errespetua azaldu diete, eta ahal dutenean laguntzeko prestasuna ere bai. Eskertuta daude haiei guztiei. 

Dena beharko dute, kasuistika oso zabala baita preso ohiena. 197/2006 doktrina aplikatu dieten presoena, esaterako. Espetxean urte asko egondako jendea da, eta adinean aurrera joanda dagoena. «Horiei irtenbidea, mimoa, babesa eta maitasuna adierazi asmo diegu. Egoera zailean aterako dira: gehienek ez dute erretirorik izango, ez dutelako kotizatu. Berrehun eta piko euro geratuko zaizkie, eta horrekin bizi beharko dute». Etxegaraik gogora ekarri du haietako asko etxerik gabe egongo direla, eta gaitz fisiko eta psikikoekin.

Gaixotasun larriekin eta kontrol telematikoarekin aske ateratzen direnak ere badaude. Lanik ezin dute egin, baina dirua behar dute bizitzeko eta gaixotasunari aurre egiteko. Josu Uribetxeberriaren egoera ekarri du gogora Ugartek, eta elkartearen partetik «animoak eta adorea» erakutsi nahi izan dizkio. Hura eta gaixo larri dauden gainerako 13 presoak laster libratzea espero dute.

Behin-behinean preso egon eta epaiketaren zain dauden gazteen auzia da beste bat. Egoera zaila dute, ez dakitelako noiz epaituko dituzten, epaitu ostean preso sartuko dituzten...

Hala dio Ugartek: «Egoera oso gogorrak daude, eta premia benetakoa da».



 

Lana buruhauste goren

Espetxetik atera ostean lana topatzea oso zaila egiten zaie askori, baina gizartean kokatzeko eta beren buruekin ondo sentitzeko behar-beharrezkoa dute.

O. E. ZARAUTZ

Kartzelan egoteak bere ondorioak ditu lana bilatzerako orduan. Oso zaila daukazu». Lanbiden entzun zuen hori espetxetik atera berri zen neskak. Ikasketak baditu, baina esperientziarik ez. Espetxera sartu aurretik egin zituen ikasketak, eta curriculuma ikusitakoan hala esan zion Lanbidekoak: «Non egon zara, ordea, urte hauetan guztietan?», denbora alferrik galtzen aritu zela aurpegiratuz bezala. «Espetxean egon naiz».

Nabaritu zituen ondorioak. Kostatu zitzaion lana aurkitzea, eta Harrera Taldearen laguntzaz topatu du. Orain badauka, eta enpresarentzako arazo ez izateko, anonimoki hitz egitea nahiago du. Preso egoteaz gain, beste arazo batekin ere egin zuen topo: «Inhabilitazioa jartzen digute askori, eta espetxetik ateratakoan ezin dugu lanpostu publikoetan aritu. Horrek ate asko ixten ditu».

Lana topatzerako orduan ez dute ezkutatzen preso egon direla, baina ez dute esaten, beharrezkoa ez bada. Honako esperientzia hau kontatu du beste preso ohi batek: «Bost preso ohi joan ginen lanpostu baterako test bat egitera. 'Egon al zara inoiz preso?' zioen galdera batek. Nik gezurra esan, eta ezetz jarri nuen. Beste laurek zintzo izan eta egia jarri zuten. Ni izan nintzen lana eman zidaten bakarra, curriculumak antzekoak ziren arren».

Ezinbestekoa dute lana, behar dute. Elkartearen laguntzarekin lana topatu zuen arte etxean gaizki sentitzen zela dio beste preso ohi batek. «Lana bilatu arteko espazio hori gaindiezinezko amildegia da. Bai, emazteak lana egiten du eta zortea duzu, baina denbora aurrera doa, eta zuk baliagarri sentitu nahi duzu. Borrokan egon zara, espetxean egon zara, eta orain ere nahi duzu zeuk ere ekarpena egin. Familia badago, laguntza badaukazu, baina zuk zeuk aurrera egitea nahi duzu. Lanak konfiantza ematen dizu zeuregan, eta irekitzen laguntzen dizu».

Zaila da, ofiziorik ez dutelako ikasita. Askok ikasketan egin dituzte espetxean, baina esperientziarik gabe balio gutxi dauka horrek. «Oreka da soldata lortzea, Autonomia, independentzia... oreka azken batean. Oso oso garrantzitsua da hori berriz gizartean kokatzeko. Espetxean 10-15 urte pasatu ostean atera eta etxean egotea... Psikologikoki lehertu egiten zaitu horek. Txikitu».

Guztiek diote lanak konfiantza ematen diela, beren burua gehiago baloratzen laguntzen diela, «arraroak» ez sentitzen. «Etorkizuna ikusten hasten zara».

Harrera Taldeari oso eskertuta daude. Asko lagundu diete, eta babestuta sentitu dira. «Lagunak eta familia hor daude, baina ezin diezu edozer gauza galdetu». Familiak eta lagunek ere ez baitakite dena.

 

www.berria.info

Commenter cet article