Berria.info - Hollanderi bake prozesuan inplikatzeko eskatu diote Iparraldeko hautetsiek

Publié le par Abertzaleen Batasuna

AURORE MARTINEN ATXILOKETA

Hollanderi bake prozesuan inplikatzeko eskatu diote Iparraldeko hautetsiek

600 lagun inguruko elkarretaratzea egin dute Baionan, Aurore Martinen atxiloketa salatzeko. Ordezkaritza plural bat suprefeturaren egoitzara sartu da, Frantziako presidenteari gutun bat helarazteko. Barne ministroak ukatu egin du berak agindu izana Batasuneko kidearen atxiloketa, eta hura atzeman izanaren aurka azaldu diren hautetsiei esan die ezin dutela legea ez aplikatzeko eskatu.

Aitor Renteria   2012-11-05 - 16:39:38

Aurore Martin Batasuneko kidearen atxiloketa salatzeko 600 lagun inguruk elkarretaratze bat egin dute Baionan, suprefeturaren egoitzaren atarian, eta hautetsien ordezkaritza plural batek mezua helarazi nahi izan dio François Hollande Frantziako presidenteari: Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko engaiamendua har dezala.

Zazpi laguneko ordezkaritza talde bat suprefeturaren egoitzara sartu da, gutun bat uzteko. Hango idazkari orokorrari eman diote eskutitza Max Brisson UMPko kontseilari nagusiak, Jean Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidente zentristak, Martine Bisauta Baionako auzapezorde ekologistak, Daniel Oltzomendi Izurako auzapez abertzaleak, Colette Capdevielle diputatu sozialistak, Alice Leiziagezahar kontseilari ekologistak eta Michel Veunac kontseilari nagusi zentristak.

Martinen atxiloketa eta euroagindua gaitzetsi dituzte, eta aipatu dute urtebete badela ETAk jarduera armatua bukatua duela iragarri zuela. Hautetsien ustez, "benetako aukera dago bake prozesua bururaino eramateko".

Bilkurako parte hartzaileek polizia ugari izan dute aurrean. Oso elkarretaratze zabala izan da, UMPtik Batasunera arteko ordezkariak zeudelako; baita herritar anitz ere.

Frantziako Gobernuak Pauen duen ordezkaritzaren aurrean ere protesta ekimen bat izango da gaur, 18:00etan.

Poliziak ostiralean atzeman zuen Martin, Batasuneko kidetzat jota ETArekin hartu-emana duela leportatuta. Ondoren,  Espainiaratu egin zuten, eta epaileak Soto del Realgo (Espainia) kartzelan sartu zuen.

Valls: "Ezin dugu inolako konplazentziarik izan ETA babestu duen pertsona batekin"

Iparraldeko hautetsiek aho batez Aurore Martinen atxiloketa gaitzetsi eta gero, Frantziako Barne ministro Manuel Vallsek kritikei erantzun die. Bi egunean Vallsi egindako bi elkarrizketa argitaratu dituzte; Sud Ouest egunkarian atzo, eta Le Parisien-en gaur. Atzokoan, Vallsek ukatu egin zuen Aurore Martin atzemateko agindua berak eman izana, eta nabarmendu zuen errepide kontrol batean atxilotu zutela Batasuneko kidea. "Ez dut barkamena eskatuko legea aplikatzeagatik", gaineratu zuen.

Gaur argitaratu den elkarrizketan, berriz, Vallsek esan du ezin duela "inolako konplazentziarik" azaldu ETAri "babesa agertu dion pertsona batekin", eta erantsi du Espainiari dagokiola ebaztea Martin "terrorista" ote den. "Nik ez dut uste, baina Espainiako justiziak talde terroristako kide izatea egozten dio".

Halaber, "terrorismoari dagokionean" Espainiarekin lankidetzan jarraituko duela ziurtatu du Vallsek, eta azaldu du Frantziak ezin dituela bere ekintzak "baretu" ETAk "armak utzi eta desagertzen ez den artean".

Iparraldeko hautetsiek, ezker abertzaletik UMPra, aho batek gaitzetsi zuten Martinen atxiloketa eta Espainiaratzea. Baionan Bake Bideak deituta egin zuten agerraldiaz, Vallsek esan du hautetsiek ezin dutela galdegin legea ez dadila bete.

www.berria.info

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article