Berria.info - Gizartearen engaiamendua piztea ukanen du helburu Baionako Foroak

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Gizartearen engaiamendua piztea ukanen du helburu Baionako Foroak

Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak eta Europako hiru fundazio presente egonen dira abenduaren 15eko foroan

Egun batekoa izanen da, baina urtebete iraunen duen zikloaren abiapuntu izanen da

AITOR RENTERIA BAIONA

Ezkerretik hasita: Blanco, Arzak, Zavoli, Desprez, Funosas eta Massias, Baionako unibertsitatean egindako aurkezpenean. / GAIZKA IROZ

 

Aieteko bake konferentzian nazioarteko eragileak bilkura itxi batean bildu zituen bezala, abenduaren 15ean Baionan egitekoa duten foroak euskal gatazkaren konponbidea gizarteratzea ukanen du helburu. Ohikoa ez den tokian eginen dute, Baionako Unibertsitatean, mahai inguruak jendeari irekiak izanen dira, eta, nazioarteko eragileekin batera, Aieteko bilkuran parte hartu zuten Ipar Euskal Herriko eragile politikoak presente izanen dira. Horien ondoan, Frantzian giza eskubideen arloan diharduten eragileak. Baionako Unibertsitateko dekano Philippe Zavoli eta Zuzenbide irakasle Jean Pierre Massiasek, Lokarriko Aitziber Blancok eta Iñaki Arzakek eta Bake Bidea mugimenduko Anais Funosasek eta Christophe Desprezek aurkeztu zuten egitaraua.

Jakintza eta ikerketaren abaroa da unibertsitatea, bertako hainbat ikaslek euskal gatazka dute ikasgai eta ikerketa lanen xede. Bake justu eta iraunkorra nola lor daitekeen aztertzea izanez helburua, leku egokia dela iritzi diote antolatzaileek.

«Urte bete pasatu da Aieteko Adierazpena egin zenetik, eta Bake Bidea mugimenduak Baionako foroa antolatzeko gomita egin zigularik, gogotsu hartu genuen, bakea eraikitzea guztioi dagokigulako eta horretarako gizartearekin partekatu behar delako», erran zuen Blancok. Hiru arrazoi nagusi aipatu zituen, antolaketan parte hartzeko: batetik, foroa gizartearentzat dela; bestetik, aitzinamenduak egitea bake prozesuan; eta azkenik, unibertsitatearekin egin lankidetzak Aieteko bide orrian sakotzeko eta gizarte eragileekin gogoetak partekatzeko aukera delako.

Bake Bidea duela hilabete pasa sortu zen, eta oinarrian dago gizarte zibilak parte hartzea Euskal Herriak ireki duen prozesuan. Hastapen batetik, gizartea Aieteko adierazpenaren garrantziaz jabetu zen, eta han finkatu ildoetan sakontzea zuen helburu. «Prozesu bat bururaino heltzeko, bake justu eta iraunkor batera heltzeko, gizartearen parte hartzea ezinbestekoa da, eta horren parte hartea lortu behar dugu. Guztiak bihurtu behar gara prozesu horren aktore», erran zuen Funosasek. Norabide horretan, foroa bake prozesua bera ulertzeko tresna izanen da, hala aitzinera egiteko behar diren tresnak eraiki ahal izateko. Elkarrekin arituz, bide hori asmatzea da erronka, bururaino eraman ahal izateko.

Urte beteko zikloa

Abenduaren 15eko hitzordua ziklo baten barruan dago, eta horren abiapuntu izanen da. Egun horretan, Aieteko adierazpenaren garrantzia, edukia eta horren inguruan izandako ikuspegiak landuko dira. Hiru mahai inguru egonen dira. «Baina denok dakigu egun bakarrean ezin dela behar bezala sakondu konponbidean, eta, horregatik, urtebete iraunen duen zikloa ezarri dugu abian», erran zuen Massiasek. Abenduaren 15etik landa, 2013an, arloz arloko lau bilkura eginen dira. Lehenean, aipatuko dira bake prozesua eta bortizkeria politikoa, haien barruan dauden arazoak deklinatuz, hala nola presoak, salbuespen legediak, amnistia, armak ematea, eta abar. Bigarrenean, bake prozesua eta gizartea jorratuko da, eta gobernuz kanpoko erakundeek eta hedabideek zer ekarpen egin dezaketen aztertuko. Hirugarrenean, gatazka pairatu duen lurraldearen birrosaketa aztertuko da, autodeterminazioa eta lurraldetasuna barne. Laugarren bilkuran, memorian sakonduko da, aldi baterako justizia, egia eta adiskidetzea. Ondotik ziklo osoaren bilduma egiteko bilkura izanen da.

Prozedurari dagokionez, Baionako foroa goizeko bederatzietan abiatuko da, eta parte hartzaileei harrera eginen zaie. Goizean, Brian Currin eta Jean Pierre Massiasek sarrera txostenak irakurriko dituzte. Oren bat iraunen du, eta berehala abiatuko da eguneko lehen mahai ingurua, Aieteko testuingurua aztergaia hartuta. «Garrantzitsua da jakitea zergatik izan duen arrakasta Aietek, eta zergatik porrot egin zuten Aljeriako eta Loiolako solasek», azaldu zuen Massiasek.

Arratsaldean, bertze bi mahai inguru izanen dira, Aieteko adierazpenaren oinarrietan sakontzeko eta Frantziak bake prozesuarekiko hartu duen jarrera aztertzeko. Bukaeran, Bake Bideako kide batek eta Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidenteak eginen dute topaketaren bilduma.

Gizarteari irekia izanik, antolatzaileek parte hartze handia espero dute. Gelak 400 pertsona har ditzake, eta, horregatik, Internet bidezko kasu egiteko aukera bermatu nahi dute. Itzulpen zerbitzua ere egonen da, euskarara eta frantsesera. «Funtsezkoa iruditzen zaigu eztabaida osoa euskaraz segitu ahal izatea».



 

Aurore Martin eta François Hollande

Frantziako Lehendakaritzara iritsi eta urte erdira, 400 kazetari ingururen aurrean agerraldia egin zuen atzo François Hollandek, eta Aurore Martinen atxilotzeaz eta Espainiaratzeaz ere galdetu zioten. Horretaz mintzatzeko «gogoa» bazuela esan zuen Hollandek, eta adierazi zuen atxilotzea ez zela berariaz gertatu. Euroagindua aipatu zuen, Justiziaren «independentzia» eta Espainiako sistemarekiko «konfiantza». Hark pentsatzen duena pentsatzen duela, euroagindu bat dela tarteko, Justiziaren erabakiz, eta ez gobernuarenaz, Espainiaratu zutela Aurore Martin. Hain zuzen, Baionako Bake Foroaren prestaketan buru-belarri sartuta zebilen Batasuneko kidea, atxilotu zuten unean ere.



 

Konponbidean lagun dezala eskatu diote Malmstromeri

Euskal Herrian bake egonkorra eta iraunkorra ezartzeko lanean lagun dezala eskatu zion atzo Amaiurrek Europako Batzordeari. Espainiako Kongresuan izan zen; koalizio subiranistak, PPko eta PSOEko ordezkariekin batera, Europako Barne komisario Cecilia Malmstromekin bildu zen. Amaiurretik Jon Iñarritu diputatua joan zen bilerara, eta Europako hainbat gatazkatan Europako Batzordeak bete duen egitekoa gogora ekarriz —Irlandan, esaterako, PEACE programaren bitartez—, Euskal Herrian ere esku hartzeko eskatu zion Malmstromeri: «Euskal Herria izeneko europar herrialde honetan bake egonkorra eta iraunkorra izateko lanean laguntzeko», eskatu zion zehazki.



 

Ezkerretik hasita: Blanco, Arzak, Zavoli, Desprez, Funosas eta Massias, Baionako unibertsitatean egindako aurkezpenean. / GAIZKA IROZLUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

 

AITZIBER BLANCO. LOKARRIKO KIDEA ETA FOROAREN ANTOLATZAILEETAKO BAT

«Zein eragin izango duen? Pauso handia da egitea bera»

HODEI IRURETAGOIENA

Lokarriko kidea da Aitziber Blanco. Azkenaldian buru-belarri aritu da Baionako Foroa antolatzeko lanetan.

Urtebete baino gehiago pasa da Aieteko Adierazpena egin zenetik. Zein da Baionako Foroaren helburua?

Forumaren helburua da Iparraldean partekatzea zer izan zen Aieteko Adierazpena. Hori gizarteratzea eta bake prozesuari bultzada emateko han jasotzen diren gaien inguruan hausnarketa ireki, zabal eta anizkuna sortzea, Iparraldeko herritar eta gizarte eragileen artean.

Herritarren partea hartzea bultzatu nahi duzue. Nola egingo da hori, eta zein eragin izan dezake? 

Lehenik, garrantzitsua da foroa unibertsitatean egitea. Baionako fakultateko dekanoak parte hartu du, eta unibertsitatea ireki dio foroari. Han egingo dira hausnarketarako mahai inguruak, Aieteko Adierazpena zein testuingurutan egin zen eta zein ondorio ekarri zituen ikusteko. Biltzen dituen gaiak ere garatu nahi dira. Kanpotik adituak ekarriko dira, baina solasaldirako tartea ere izango dute etortzen direnek, etastreamming bidez ere kasu egin ahal izango zaio. Gainera, eragile politikoak ere gonbidatuak daude, eta aukera izango dute euren iritzia emateko eta han esaten direnak entzuteko. Zein eragin izango duen? Nik uste pauso handi bat dela foroa egitea bera.

Esanahi berezia du foroa Iparraldean egiteak?

Noski, Iparraldeko testuingurua ere kontuan hartu behar da. Antolatzaileen artean dago Bake Bidea, gizarte osoan lanean aritu dena: giza eskubideen alde hainbat eragile elkartuz, Aurore Martinen inguruan... Espainiaratu zutenetik oso babes zabala lortu dute. Lan handia dago hor. Bestalde, unibertsitateak ere sartu nahi du bakearekin zerikusia duten gaien inguruko hausnarketan. Azken hilabeteotan Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak lortutakoa ere adostasun ariketa handia izan da. Garrantzia du foroa testuinguruan kokatzeak, eta testuinguruak lagungarria dirudi.

Izan liteke testuinguru hori Hegoalderako ispilu? 

Bai, Hegoaldean ere aukera badago prozesuari beste bultzada bat emateko; alderdi guztiek berdintasun egoeran har dezakete parte, eta ezin hobea da aukera anitzen artean hitz egiteko. Gainera, ez dago hauteskunderik datozen bi urteetan. Hegoaldean aukera hori orain irekitzen da, eta bide hori egin beharra dago. Iparraldean egin den adostasun ariketa eredugarria da Hegoaldeari begira, dudarik gabe.

Foroaz gain, hausnarketek segida izango dute urtean osoan ere...

Foroarekin, gizarte zibilarentzako eta eragile guztientzako hausnarketa prozesu bat jartzen da abian. Foro honetan landuko dira gai batzuk, baina hortik aurrera ere hausnarketa mahaiak antolatuko dira unibertsitatean, hilero-edo, gai anitzen inguruan: presoak, elkarbizitza, elkarrizketa prozesua... Ikusiko da zein proposamen sortzen diren.

Nola eta zertan parte har dezake Frantziako Gobernuak?

Ez dakigu inplikatzeko prest dagoen ala ez. Asmoa da foroan sortzen denarekin mugimenduak egiteko proposamenak luzatzea. Dudarik gabe, badaude zenbait gauza Frantziako Gobernuaren esku daudenak, Espainiako Gobernuaren esku dauden bezala: presoekiko pausoak ematea, ETArekin elkarrizketa irekitzea armak uztearen inguruan... Baina hori eurek erabaki beharko dute noiz egin; foroaren helburua da horren inguruan ere proposamenak sortzea eta eraikitzea.



 

BAIONAKO FOROA

PARTE HARTZAILEAK

 Brian Currin. Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea.

 Pierre Hazan. HNTko kidea.

 Michel Tubiana. Frantziako Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea.

 Jean Pierre Massias. Baionako Unibertsitateko irakaslea.

 Berghof Fundazioa.

 Conciliation Ressources Fundazioa.

 Varenne Fundazioa.

MAHAI INGURUAK

 Aieteko Unea. Kotte Ezenarro Kontseilu Nagusiko presidenteordeak, Jean Rene Etxegarai abokatu eta Baionako auzapezordeak, Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak eta Jean Pierre Massiasek hartuko dute parte.

 Aieteko Adierazpenaren oinarriak. Pierre Hazanek, Andy Carl Conciliation Ressources Fundazioko kideak eta Hans Joachim Giessmann doktore eta Berghof fundazioko zuzendari nagusiak hartuko dute parte.

 Aiete: Frantzia eta bake prozesua. Jakes Bortairu ABko kideak, Max Brisson kontseilari nagusiak, Frederique Espagnac, senatariak, Michel Larralde CFDTko Ipar Euskal Herriko idazkari nagusiak, Jean Jacques Laserre senatari eta Hautetsien Kontseiluko presidenteak eta Xabi Larralde Batasuneko kideak hartuko dute parte.

 Itxiera. Bake Bidea mugimenduko ordezkari baten eta Michel Tubianaren saioa.

HURRENGO ATALAK (2013)

 Bake prozesua eta bortizkeria politikoa. Presoak, salbuespen legediak, amnistia, desarmatzea...

 Bake prozesua eta gizartea. GKEak eta hedabideak.

 Bake prozesua eta lurraldearen berrosaketa. Lurraldea eta autodeterminazioa.

 Bake prozesua eta memoria. Trantsizioko justizia, egia eta adiskidetzea.

 Bilduma konferentzia.

www.berri.info

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article