Berria.info - Ezker abertzaleak konpromiso «argi eta zehatzak» eskatu dizkio ETAri

Publié le par Abertzaleen Batasuna

2010-03-18

Ezker abertzaleak konpromiso «argi eta zehatzak» eskatu dizkio ETAri

ETAk prozesu demokratikoaren aldeko jarrera berretsi behar lukeela adierazi du ezker abertzaleak, tiroketaren ostean

Espainiako eta Frantziako estatuei ere egin die konpromisoak hartzeko eskaera

Oihana Elduaien.

Ezker abertzaleak prozesu demokratikoa nahi du. «Soilik bide politiko eta demokratikoetatik eta inolako indarkeriarik gabe» garatu beharreko prozesua. Horretarako, eskaera zehatza egin dio ETAri, ETAren zein Frantziako Poliziaren arteko tiroketa gertatu ostean. Prozesuarekiko konpromisoa eskatu dio ETAri, eta erakunde armatuari ez ezik, gauza bera galdegin die Espainiako eta Frantziako estatuei ere: «Eragile guztiek, eta bereziki Euskadi Ta Askatasunak eta Espainiako eta Frantziako estatuek, prozesuarekiko konpromiso argi eta zehatzak hartu behar dituzte».

Ezker abertzaleak prozesu demokratikoaren aldeko hautua egin zuenean, haren ondorioak bere egiten zituela esan zuen ETAk agiri batean urtarrilean. Bada, ezker abertzalearen irudiko, agiri horretan esandakoak berretsi egin beharko lituzke ETAk: «Euskadi Ta Askatasuna euskal erakunde armatuak urtarrilean argitaraturiko agirian azalduriko prozesu demokratikoaren aldeko jarrera berretsi beharko luke».

ETAren eta Frantziako Poliziaren arteko tiroketa eta Jean-Serge Nerin poliziaren hilketa gertatu zirenetik 24 bat ordura iritsi zen ezker abertzalearen oharra komunikabideetara, atzo, 19:00 aldera. Han esaten denez, gertatutakoa ez da «ETAk aldez aurretik prestatutako ekintza», baina, hala ere, horrek ez dio «larritasunik» kentzen. «Samina» erakutsi du gertaturikoaren aurrean, eta halako gertaerek euskal gizartean «zalantza, ziurgabetasuna eta etsipena» sortzen dituztela uste du.

Ezker abertzaleak argi dauka, «orain inoiz baino gehiago», prozesu demokratikoa «sendotu» behar dela, «indar metaketan oinarrituriko eta soilik bide politiko eta demokratikoetatik eta inolako indarkeriarik gabe garatu behar den prozesua». Alde horretatik, berretsi egin ditu barne eztabaidaren ondorioekin Zutik Euskal Herria agirian indarkeriarik gabeko prozesu demokratikoa bultzatuz adierazitakoak.

Bi gertaera, egoera bat

Ezker abertzaleak ez du testuinguru jakin batetik bereizi tiroketa. Jon Anza ustezko etakidearen hilotza agertu berria dela ere gogora ekarri du, eta «gerra zikin kasu batean kokatzeko zantzu guztiak» daudela azpimarratu. Bi gertaera horiek «gatazka politiko egoera batean» kokatu ditu.

Hargatik, ezker abertzalearen lehentasuna gatazka gainditzea da, eta bide horretan indarrak jartzeko eskaera egin die gainerako eragile politikoei ere: «Ezker abertzaleak dei egiten dio klase politiko guztiari gatazka gehiago luza ez dadin erresoluzioa helburu izango duen ekintza politiko bateratu bati ekiteko arduraz jokatzeko».

 

http://paperekoa.berria.info/harian/2010-03-18/002/007/Ezker_abertzaleak_konpromiso_%C2%ABargi_eta_zehatzak%C2%BB_eskatu_dizkio_ETAri.htm

 

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article