Berria.info - Euskal Herriari ezagupena eman behar zaiola esan du Lebranchu ministroak

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Euskal Herriari ezagupena eman behar zaiola esan du Lebranchu ministroak

Amaitu da Ipar Euskal Herriko hautetsiek Frantziako Deszentralizazio ministroarekin egindako bilkura. Baikor eta pozik atera dira, Lebranchuk engaiamendua azaldu baitu Euskal Herriari aitorpen bat ematearen alde lan egiteko. "Errepublikaren ezagupena izango du Euskal Herriak", esan du. Bateraren arabera, 2013ko urtarrilean itzuliko da Lebranchu Ipar Euskal Herrira.

 

 

Jenofa Berhokoirigoin (Paris)   2012-10-11 - 18:28:29

Amaitu da Ipar Euskal Herriko hautetsiek Frantziako Deszentralizazio ministro Marylise Lebranchurekin eginiko bilkura, euskal lurralde elkargoaren eraketa galdegiteko. Pozik eta baikor atera dira hautetsiak. Izan ere, Lebranchuk esan du Ipar Euskal Herriari ezagupena eman behar zaiola, eta konpromisoa agertu du aitorpen horren alde lan egin eta  ezagupen hori erakundeen bitartez nola gauza daitekeen lantzeko: "Errepublikaren ezagupena izango du Euskal Herriak. Orain, lan egin behar dugu tresna instituzional egokia aurkitzeko".

Lurralde elkargoaren eskaerak sostengu zabala eta askotarikoa bildurik Ipar Euskal Herrian, Parisen entzunarazteko eguna izanen da gaurkoa. Hain zuzen, deszentralizazioaz arduratzen den ministroari, Marylise Lebranchuri, aldarrikapena aurkeztu dio Hautetsien Kontseiluak izendaturiko ordezkaritzak.

Deszentralizazioaren erreformaren barruan Ipar Euskal Herriari buruzko atal berezi bat izatea galdatzeaz gain, lurralde elkargoaren hipotesia ikertzeko ere eskatu diote Lebranchuri. Ipar Euskal Herriarentzako den egituraketaz "harago joan beharra" azaldu diote: "Batetik, paisaia instituzional berri bat sortzen ari delako, eta, bestetik, gaur egungo antolaketak mugak ezagutzen dituelako Euskal Herrian gertatzen ari diren aldaketa garrantzitsuei aurre egiteko orduan".

Parisen dira, Colette Capdevielle (PS), Sylviane Alaux (PS), Frederique Espagnac (PS) eta Jean Jacques Lasserre (Modem) parlamentariez gain, Max Brisson (UMP) eta Jean-Mixel Galant (AB) hautetsiak, Jean Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko presidentea eta Battitta Boloki Garapen Kontseiluko zuzendaria. Irail hastapeneko biltzar nagusian gehiengo handi batean adosturiko testua azaldu diote.

Izan Batera-ko, Hautetsien Kontseiluko edota Garapen Kontseiluko kideak ala alderdi abertzaleak, anitzek hurbiletik begiratu diote hitzorduari, Frantziako Gobernuak eskakizunari baietza emanen diolako esperoan.

Hautetsi zuberotarrak ere bai

Zuberoako hautetsi batzuek ere lurralde elkargoaren aldeko mezua eman dute. Barnealdeko garapen ekonomikoa bultzatzeko eta euskararen iraupena bermatzeko "tresna egokia" dela azaldu zuten.

Dominika Bosq Xiberoa herri elkargoko lehendakaria, Altzürükü, Aloze-Onizegaineko eta Mauleko auzapezak egon ziren prentsaurrekoan, Batera-ko ordezkariak ondoan zituztela.

www.berria.info

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article