berria.info - Euroagindua irmo gaitzetsi dute Miarritzen, Martini harrera eginez

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Euroagindua irmo gaitzetsi dute Miarritzen, Martini harrera eginez

Frantziak eta Espainiak eskubide zibilak errespeta ditzaten lortzeko dinamika bultzatu behar dela defendatu du Martinek

Miarritzeko jardunaldietan itzuli da bizitza publikora Batasuneko militantea

Aitor Renteria Miarritze

Aurore Martin, atzo, jendez mukuru egon zen Miarritzeko jardunaldietan egin zuen agerraldian. / GAIZKA IROZ

Aurore Martin Batasuneko kidearen aurkako euroagindua mugarri bat izanen dela erakutsi zuten atzo Miarritzeko Irati gelan bildu ziren eragileek. Eta segurtamen hori ilusio eta emozio bihurtu zen hautetsiak jarrita zeuden oholtzara sartu zelarik Martin. Esku zarta luzeak entzun ziren, baita Didier Borotra Miarritzeko auzapez eta Frantziako senatariarenak. Eguneko anekdota eta begi guztiek gordeko duten irudia, senatari legegilea legearen jazarpena urratu duen militantea txalotzen. Malko bihurri batzuk ihes egin zuten Martinen begitik, eta Borotrak besoa ezarri zion sorbaldan, sostengu adierazpen gisa. Baina aitzin, bertan bildutako orori zor zion hitza Martinek, eta haiei zuzendu zitzaien.

Ziklo politiko berri baten mentura, Bilduk hauteskundeetan lortu emaitzak eta euroaginduaren aurkako mugimenduak lortutako sostengu politikoa mehatxua gainditu eta bizi publikora itzultzeko arrazoi sendoak zirela azaldu zuen. Gorderik egon den sei hilabeteetan jaso duen sostengua eskertu zuen, bai aterpetu zutenei, bai haren ekitaldietan parte hartu edo lagundu dutenei. Atzoko ekitalditik abiatuta, dinamika bat sortu beharra dagoela azpimarratu zuen Martinek, «Estatu frantziarrak eta espainiarrak eskubide zibil eta politikoak errespeta ditzaten lortzeko». Eta dinamika hori Euskal Herri osora hedatzeko deia ere luzatu zuen. Halaber, «bi estatuen inposaketa gaindituko duen dinamika politikoa antolatzeko» proposamena ere plazaratu zuen: «Herriz herri, auzoz auzo, bakoitzaren ibilbidean eta erritmoan, bere historia errespetatuz, eraiki dezagun errepresioa eta inposaketa geldituko duen herri harresia».

Sentimena eta errespetua, erabakia eta konfiantza sentitzen ziren bai oholtzan, bai ekitaldia entzutera bildutako milaka herritarren artean. Eta Zuberoako kantarien beroa Martinekiko. Horrela adierazi zuten Mixel Etxekoparek eta Jean Mixel Bedaxagarrek. Niko Etxartek lortu zuen protokoloa haustea eta jendea kantuz ezartzea.

Martini erakutsitako sostengua eta euroaginduak jasotako gaitzespena ez zen euskal herritarren presentziara mugatu. Frantziako hainbat eragileren ahotsak ozen entzun ziren atzokoan. Ozen, Euskal Herriak pairatzen duen gatazka gaitzesterakoan eta ozen salbuespen prozeduren bukaera eskatzerakoan. «Indar metaketari esker, bakoitzaren eskubide eta askatasunak babestuko dituen herri harresia eraikiko dugu» erran zuen Anaiz Funosas Askatasunako bozeramaleak.

Martinen kontrako euroagindua Europako militante politiko eta sindikalen begietara alarma deiadarra izan dela jakinarazi zuen. Atzoko ekitaldia euroaginduaren aurkako eta askatasunen aldeko borrokaren mugarria izan dela azaldu zuen.

Elkartasun irmoa

Bideokonferentziaz egin zuen mintzaldia Michel Tubiana Frantziako Giza Eskubideen Ligaren izenean. Zangoa hautsirik ezinezkoa izan zaio Euskal Herrira jitea, baina hala ere euroaginduaren aurkako engaiamendu irmoa adierazi nahi izan du. Batasuneko kideari leporatzen zaizkion karguak Espainian zigortuta egon arren, Frantzian ez direla delitua nabarmendu zuen Tubianak. Martini leporatzen zaizkion salaketak oinarri politikoa dutela azaldu zuen.

Espainiako Auzitegi Nazionala salbuespen epaitegia dela erran zuen Tubianak. Legez kanporatze guztiek, alderdi zein elkarteenak, askatasun politikoa urratzen duela nabarmendu zuen. Gogoratu zuen Europar Batzordeak ere euroaginduari buruzko oharrak egin dituela. «Jendeak adierazpen askatasun osoa ukan behar du. Beren geroa erabakitzeko eskubidea ukan behar dute».

Alima Boumediene-Thiery Europe Ecologie-Berdeetako senatariak ere sostengua helarazi zion Martini, berretsiz salbuespen legeak borrokatzeko eta haiek deuseztatzeko engaiamendua: «Deusek ez du baimentzen sistematikoki pertsonaren askatasun eta oinarrizko eskubideak urratzen dituen dispositiboetara jotzeak».

 

http://paperekoa.berria.info/harian/2011-06-19/002/002/_Bi_estatuen_inposizioa_gainditzeko_dinamika_antolatzera_deitu_du_Martinek.htm

Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article