Berria.info - Espainiak Paueren erabakia «bortxatu» duela salatu dute

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Espainiak Paueren erabakia «bortxatu» duela salatu dute

Martinek Frantzian izandako jarduera politikoa prozeduratik kanpo uzteko agindu zuen auzitegiak

JOKIN SAGARZAZU

Ipar Euskal Herriko hautetsien ordezkaritza Baionako suprefeturan izan zen herenegun. / GAIZKA IROZ

 

Espainiako Auzitegi Nazionalak ez ditu aintzat hartu Paueko auzitegiak Aurore Martinen aurkako euroagindu eskaera onartzeko jarri zituen baldintzak. Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak Batasuneko kidearen aurkako kartzelatze autoan froga gisa zerrendatutako gertaeren artean, Martinek Baionan eta Uztaritzen egindako bi agerraldi jaso ditu: Espainiako Estatuko mugetatik at egindako bi prentsaurreko, alegia. Paueko Auzitegiak 2010eko azaroan Espainiaren euroagindu eskaera onartu zuenean, baina, agindu zuen Frantziako Estatuan Martinek izandako jarduera politikoa euroagindu prozeduratik kanpo uzteko.

Martinen abokatu Jone Goirizelaiak hurrengo egunetan aurkeztuko du erabakiaren aurkako helegitea, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Abokatuaren arabera, aipatutako argudio hori «nahikoa» litzateke atxiloketa baliogabetzeko. Horrez gain, Goirizelaiak beste argudio batzuk aurkeztuko ditu, besteak beste, Martin Batasuna eta EHAK alderdiekin lotzeko epaileak erabilitakoei aurre egiteko. Izan ere, Ipar Euskal Herrian egindako agerraldi horiez gain, Ruz epaileak Martini leporatzen dio Batasunaren Mahai Nazionaleko kide izatea —Batasuna legezkoa da Ipar Euskal Herrian— eta EHAK alderdiak Gizarte Segurantzan izan zuela, alderdi hori Hegoaldean legezkoa zen garaian. Bi alderdi horien aurkako epaiketa gertu egon daitekeela adierazi du epaileak Martin espetxeratzeko autoan, baina Goirizelaiak gogorarazi duenez, Martin ez dago auzi horietan inputatuta, «eta, gainera, inputazio hori ere baztertu egin zuen Paueko auzitegiak».

Paueko auzitegiak hasiera batean eta zehaztasun faltagatik atzera bota zuen Espainiaren euroagindu eskaera, baina, aipatutako baldintzekin, ontzat jo zuen 2010eko azaroan; abenduan, erabaki hori berretsi zuen Frantziako Kasazio Auzitegiak. Lehen aldia zen Frantziako nazionalitatea duen herritar bat Espainiaratzeko agindua onartu zuela Frantziako Justiziak. Erabaki horren ondotik, Martinen abokatuak helegitea jarri zuen Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian, eta gordetzeko erabakia hartu zuen Batasuneko kideak. Iazko ekainetik, baina, jendaurreko bizimodua egiten zuen, herenegun haren senideek esan zutenez. Frantziako Poliziak, halere, aurreko asteko ostegunean atzeman zuen, eta, egun horretan bertan, Espainiaratu egin zuten. Hurrengo egunean, epailearen aurrean izan ondoren, Soto del Realgo espetxean (Espainia) sartu zuten.

Hautetsien haserrea

Atxiloketaren unea eta modua ere izan da eztabaidarako iturri. Manuel Valls Frantziako Barne ministroak esan du errepide kontrol «arrunt» batean atzeman zutela Martin. Senideek, aldiz, uste dute espresuki hura atxilotzeko jarri zutela kontrola. Hori frogatu ahal izateko, herritarrei laguntza eskatu die familiak, lekukoentzako posta helbide bat jarriz: martinfamilia.eh@gmail.com.

Valls ministroaren azalpenak eta, bereziki, Ruz epailearen argudioek haserrea eragin dute Ipar Euskal Herriko hautetsien artean. Max Brisson UMPko buruzagi eta Miarritzeko kontseilari orokorrak, esaterako, salatu du Espainiako Justizia ikertzen ari dela Martinek «Frantzian egin duen jarduera politikoa», eta hori egitea «zinez larria» dela. «Eskandalutzat» jo du, halaber, Espainiako auzitegiak Frantziako auzitegi baten iritzia «bortxatu» izana. Jean-Rene Etxegarai MoDem alderdiko Baionako hautetsiak ere kritikatu du Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia, eta «oinarrizko eskubideei mespretxu egitea» leporatu dio Ruz epaileari.

PCF Frantziako Alderdi Komunistak, berriz, azalpenak galdegin dizkio Vallsi, Frantziako Parlamentuan idatziz aurkeztutako galdera batean. Batetik, PCFk uste du arrazoi politikoengatik estraditatu dutela Batasuneko kidea, eta horrek Frantziaren burujabetzaren «bazterketa larria» dakarrela. Bestetik, eskatu dio argitzeko zer neurri bultzatuko dituen Martin askatzeko. Era berean, Bretainiako Euskal Herriarekiko elkartasun komiteak ohar bat kaleratu du Martinen atxiloketa eta Espainiako eta Frantziako estatuen «jazarpen polizial eta judiziala» salatzeko.

Herenegun, alderdi guztietako hautetsi talde bat Baionako suprefeturan izan zen François Hollande Frantziako presidenteari eskutitz bat helarazteko. Martin aske uzteko eta konponbide prozesuan urratsak egiteko eskatu zioten Hollanderi. Atzo, Bake Bidea mugimenduak Ipar Euskal Herriko herritarrei dei egin zien gutun hori sinatzeko, http://www.petitionpublique.fr/?pi=P2012N31490helbidean.

Halaber, Hego Lapurdiko hamahiru herri biltzen dituen herri elkargoari eskaera zehatza helarazi diote hautetsi abertzaleek. Auzapezei salaketa hori herriz herri eta herri elkargoan mozioen bidez bideratzea galdegin diete. Hori egin ezean, hautetsi abertzaleek bermatuko dute eztabaida.

 

www.berria.info

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article