Berria.info - Ertzaintzak gelditu egin du ibilaldia hasi duen fraidea

Publié le par Abertzaleen Batasuna

EUSKAL PRESOAK

Ertzaintzak gelditu egin du ibilaldia hasi duen fraidea

Auzitegi Nazionalaren debekuaren ostean deitzaileek adierazi dute Donostiatik barrena txandakako martxa osatuko dutela gaur. Ibilbidea 70 urteko frantziskotar batek hasi du eta abiatu berritan Ertzaintzak gelditu du, identifikatzeko. Berarekin aulki bat darama, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren sinbolo, eta eskuz eskuz pasatuko dute aulkia. Ibilbidean zehar lekukoa hainbat pertsona ezagunek hartuko dute. Juan Karlos Izagirrek alkaetak harrera egingo die udaletxean. Larunbaterako, manifestazioa deitu dute, Donostian (17:30). Bideoa: Paulo Agirrebalzategi, katea hasten.

 

 

Espainiako Auzitegi Nazionalak preso gaixoak aske uzteko gaur bertan Donostiako ospitaletik ateratzekoa den martxa debekatu ostean, zer egin erabakitzeko bildu dira deitzaileak, eta Donostian barrena txandakako ibilaldia osatzea adostu dute, nahiz eta hasiera batean Arrasatera arteko katea egitea iragarri.

12:00etan Paulo Agirrezabaltegi 70 urteko frantziskotar batek hasi du bidea. Abiatu berritan, Ertzaintzak gelditu egin du, identifikatzeko. Juan Karlos Izagirrek alkatea udaletxean 13:00etan harrera egitekoa zen. Donostiako udaletxetik pasatu ondoren, Gobernu ordezkaritzarantz abiatuko da oinezko martxa; 19:00etan Donostiako ospitalean bukatzeko.

Agirrezabaltegi aulki bat eskutan atera da Donostia Ospitaletik Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren ikur, eta eskuz eskuz, ibilbide osoa betetzea zen asmoa. Buruaren atzetik 14 pertsonako taldeak atera dira, bidean zehar erreleboak osatzeko. 

"Astakeria politikoa eta juridikoa"

Andoni Egañak hitz egin du martxa deitu dutenen izenean. Euskal preso gaixoei dagokienez, legea betetzea eskatu du, eta martxaren debekua salatu; "debekua astakeria politikoa eta eskandalu juridikoa da". Larunbatean, manifestazio bat egingo dute Donostian. Antiguoko tuneletik abiatuko da, 17:30ean. Euskal gizarteari mobilizatzera dei egin dio Egañak. 

Gaixo dauden 14 presoak etxera lelopean deitu zuten martxa, eta gaur, 11:00etan zen abiatzekoa.Auzitegi Nazionalak baina debekatu egin zuen bart, AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartearen eskaria aintzat hartuta. Hamalau pertsona ezagunek egin zuten martxarako deia, tartean Txaro Arteagak, Joan Mari Irigoienek, Inaxio Kortabarriak, Martxelo Otamendik, Andoni Egañak eta Ramon Labaienek. Atzo, luzatu egin zen deialdiarekin bat egiten dutenen zerrenda. Haien artean daude Aitor Zuberogoitia Mondragon Unibertsitateko irakaslea, Aritz Lasa pilotaria, Castillo Suarez idazlea, Galder Perez aktorea, Iratxe Ibarra bertsolaria, Jose Mari Pastor kazetari eta EHUko irakaslea, Paco Letamendia parlamentari ohi eta irakaslea eta Rafa Rueda musikaria.

Epailearen bisita ospitalera

Donostiako Ospitaleko medikuen txostenak eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzitegi medikuenak eskuan izan arren, presoa nola dagoen bertatik bertara jakin nahi izan zuen Jose Luis Castro epaileak. Ohikoa ez den arren, presoarekin berarekin eta hura artatzen ari diren medikuekin hitz egiteko, Donostian izan zen atzo

Legea aplikatzea besterik ez da falta. Espetxe Zaintzako epaileak Espainiako Zigor Kodearen 92. artikulua aplikatzea erabakitzen badu, Josu Uribetxebarria presoa aske utzi behar luke. Baldintza guztiak betetzen dira. Eta horixe bera esan zion presoak berak epaileari atzo. Epaileak aste honetan emango du erabakiaren berri, bihar edo etzi; gaur, ez.

www.berria.info

Commenter cet article