Berria.info - Erretreten erreformaren aurka, greba eguna dute Ipar Euskal Herrian

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Erretreten erreformaren aurka, greba eguna dute Ipar Euskal Herrian

 

Langile sindikatuez gain, ezkerreko alderdi politikoek eta hainbat eragile sozialek ere deitu dute gaurko protestara

Jenofa Berhokoirigoin.

Baiona

Frantziako Gobernuak aurreko astean aurkeztutako erretreten erreformaren gaitzesteko greba eguna da gaur Ipar Euskal Herrian. Protesta eguneko manifestazio nagusia Baionako Lan Boltsatik abiatuko da, 10:30ean.

CFDT, CGT, CFTC, FSU, Solidaires eta UNSAk osatutako intersindikalak eta LABek egin dute protestarako deia. Intersindikalarentzat erreforma «ezin onartuzkoa eta bidegabea» izanki, haren «gogorki eragoztea» espero du gaurko egunarekin. LABen irudiko ere erreforma «faltsua, zentzugabea eta jasanezina» da.

Eric Woerth Frantziako Lan ministroak ekainaren 17an jakinarazi zuenez, erretiroaren adin ofiziala 60 urtetik 62ra atzeratuko dela 2018an, eta osoki kotizatu ez arren pentsio osoa jasotzeko eskubidea 65 urtetik 67ra pasatuko dela. Sindikatuek diote erreforma honekin langileriari gehiegi eskatzen zaiela. Hain zuzen, CFDTko idazkari Michel Larraldek zehazten duenez, «egin beharreko indarraren %85 langileei eskatua zatzaizkie».

Erretretentzako Deia Euskal Herria deitu kolektiboak ere bat egin du mobilizazioarekin, «zentzugabekoa izateaz gain, jendartearen suntsipena dakarrelako». Hau da, elkartasunean oinarrituriko sistemaren desagerpena dakarrela diote. Bizi! kolektiboa ere karrikan egongo da gaur. Haren iritziz, gazteen langabezia inoiz baino handiagoa den unean, zaharren lan denbora emendatzea «erokeria» delako.

AB eta Batasuna ere haserre

Abertzaleen Batasuna (AB) eta Batasuna alderdiek ere mobilizatzeko deia egin dute. Batasunak dio erreforma horren bitartez, Frantziako Gobernuak krisiaren ordainketa osoa «langileriaren bizkarrean» ezarri nahi duela. AB, berriz, Frantziako Estatuak «bortxatu nahi duen 'beti gehiago lan egin' horren aurka» agertu da. «Gure biziak produktibismoari ez sakrifikatzeko», protestara deitu du.

Abertzaleez gain, ezkerreko alderdi guztiak agertu dira erreformaren aurka.

 

http://paperekoa.berria.info/harian/2010-06-24/019/001/erretreten_erreformaren_aurka_greba_eguna_dute_ipar_euskal_herrian.htm

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article