Berria.info - Egibarrek eta Erkiziak baieztatu dute EAJk eta ezker abertzaleak bilera egin zutela martxoaren 18an

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Egibarrek eta Erkiziak baieztatu dute EAJk eta ezker abertzaleak bilera egin zutela martxoaren 18an

 

'Zutik Euskal Herria' ebazpenean jasotako ildoaren berri zuzenean eman zien jeltzaleei ezker abertzaleak. Erkiziak dio "bilera asko" egin dituztela "indar politiko, sozial eta kulturarekin, eta ez orain, aspalditik baizik". Egibarren ondorioa da "estrategia politikoak estrategia politiko-militarrari" gaina hartu diola, eta, horrenbestez, indarkeriaren erabilera amaierara iritsi dela.

 

Martxoaren 18an bilera egin zuten EAJko buruzagiek eta ezker abertzaleko ordezkariek. Hala baieztatu du gaur goizean Joseba Egibar GBB Giuzko Buru Batzarreko presidenteak Onda Vasca irrati katean egin dioten elkarrizketan. Bileran berak parte hartu zuela agertu du Egibarrek, eta jeltzaleen ordezkaritzaren buru Iñigo Urkullu EBBko lehendakaria izan zela. =Noticias taldeko egunkariek plazaratu dute gaur informazi hori, eta esan bezala, Egibarrek berak Onda Vasca irratian baieztatu du.

Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak ere hala dio, bilera egin dutela EAJrekin, baina "beste bilera asko" ere egin dituztela "indar politiko, sozial eta kulturarekin, eta ez orain, aspalditik baizik".

Helburu zehatz batekin egin zuten bilera, Egibarrek kontatu duenez: ezker abertzaleak azken gogoeta prozesuaren ondorio den
Zutik Euskal Herria ebazpena aurkeztu zion EAJko buruzagitzari, eta agiri hori oinarri hartuta etorkizunera begira dituzten asmoen berri eman zion. Batzarrean entzundakoak entzunda, Egibarren ondorioztatu du ezker abertzaleak bere baitan aurrera eraman duen eztabaidan "estrategia politkoak estrategia politiko militarrari" gaina hartu diola, eta "hainbeste denboran herrialde hau estutu duen beste estrategia amaierara iritsi" dela.

Ekintza armatuei "erantzun erabakigarria" emateko prest

EAJko kideek ezker abertzaleko ordezkariei galdetu zieten ETAk zer zioen horri guztiari buruz, eta Egibarren arabera, momentu horretan ez zutela erantzunik adierazi zieten. Dena dela, ezker abertzalekoek erantsi zuten ETAk ekintza armaturik eginez gero "erantzun erabakigarria" emango zutela. "Gogoeta bat erantsi zuten: estrategia politiko horretara egokitzeko erritmoak agian ez direla izango beste alderdi batzuk nahi dituztenak". Ildo horretatik, erritmoaren bizitasunari garrantzia kendu dio buruzagi jeltzaleak, eta "noranzko egokia" hartuz gero abiadura "zirkustantziala eta bazterrekoa" izan daitekeela.

Noticias=i taldeak zabaldutako informazioan jasotzen da ezker abertzalearen asmoa dela beste alderdi politiko batzuekin ere harremanak izatea, eta Aralar eta Hamaikabat aipatzen dira.

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article