Berria.info - Debekuaren ostean, 'Aulkien martxa' egin da hamalauen alde

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Debekuaren ostean, 'Aulkien martxa' egin da hamalauen alde

 

Auzitegi Nazionalak Arrasaterako martxa debekatu ostean, manifestazio batera deitu dute: larunbatean, 17:30ean, Antiguan

Aulki bat eta Giza Eskubideen Adierazpena eskuz esku ibili dira Donostian zehar

HODEI IRURETAGOIENA DONOSTIA

Juan Karlos Izagirre, Inaki Irazabalbeitia eta Fran Balda, atzo, aulkia eskutik eskura pasatzen. / JON URBE / ARGAZKI PRESS

 

Bezperako debekuaren berria ahoz aho zebilen artean atzo goizean Donostiako Ospitalean. Herrira mugimenduak egindako deiari erantzunez, ohi baino jende gehiago bildu zen erietxe aurreko elkarretaratzean, eta bertakoen artean nabaria zen egoerari aurre egiteko beharra. Arrasaterako ibilbidea egin behar zuen martxaren deitzaileek manifestazio isilerako deia egin dute larunbaterako. Donostiako Antigua auzoko tuneletik abiatuko da, 17:30ean, Gaixo dauden presoen giza eskubideen alde lelopean. Debekuaren erantzuna ez zen, ordea, horretan geratu. Donostia zeharkatu zuen Josu Uribetxebarria zein gaixotasun larriak dituzten beste hamahiru presoak askatzeko aldarrikapenak, aulki bat eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eskuz esku eramanda.

Minutuek aurrera egin ahala, gero eta jende gehiago batu zen 11:00etan hasitako elkarretaratzera. Erietxetik gertu, Arrasatera joan behar zuen martxaren ibilbidean, Ertzaintzaren bi furgoneta zeuden zain. Bitartean, martxaren hamalau deitzaileak erietxe ondoan bilduta zeuden, debekuaren ondoren zer egin erabakitzeko: Andoni Egaña bertsolaria, Joan Mari Irigoien idazlea, Txaro Arteaga Emakundeko zuzendari ohia, Ramon Labaien Donostiako alkate ohia, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, Naroa Iturri kazetaria... Inguruan zebiltzan, era berean, erakundeetako kargudun eta politikariak: ezker abertzaleko Maribi Ugarteburu, Joseba Alvarez eta Tasio Erkizia; Aralarreko Rebeka Ubera eta Inaki Irazabalbeitia; Bakartxo Ruiz Nafarroako parlamentaria (Bildu); Xabier Mikel Errekondo Espainiako Kongresuko parlamentaria (Amaiur)... Denborarik galdu gabe,Gaixotasun larriak dituzten 14 presoak etxera lelopean egin behar zen martxaren deitzaileek hartu zuten hitza. 

Lehenik, martxa debekatu izana salatu zuten deitzaileek, eta adierazi zuten ez dutela baztertzen epaitegietan salaketa formala egitea ere: «Ez gara geratuko besoak gurutzatuta». Andoni Egaña bertsolariaren esanetan, Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia «astakeria politiko eta juridikoa» da. Hain zuzen, martxa debekatuta, Egañak uste du giza eskubideak errespetatzeko eskaerari «iseka» egiten diola Espainiako auzitegiak: «Espainiak legea betetzeko eta giza eskubideak errespetatzeko eskatzea ere debekatu egiten du». Hala ere, martxaren deitzaileak ziur agertu ziren euskal gizarteak Espainia «zigortuko» duela, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrinaren aurkako ebazpenarekin egin bezala. Izan ere, debekatutako martxara deitu zutenek beharrezkotzat jo zuten larri gaixo diren presoak etxeratzea, eta baita «debekuen, sorgin ehizaren eta giza eskubideen urrakaeten aroa» amaitzea ere.

Horretarako, euskal gizarteari mobilizatzen jarraitzeko eskatu diote, eta etziko manifestaziora deitu dute. 17:30ean, Donostiako Antiguako tuneletik. Isila izango da martxa, eta Gaixo dauden presoen giza eskubideen alde izango da leloa. «Guk lortuko dugu bakea eraikitzea. Euskal jendartearen oraina eta etorkizuna euskal jendartearen eskuetan daude», esan zuen Egañak. Ez du denbora asko behar izan Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak manifestazioa debekatzeko eskatzeko. Urkijok gogoratu du aurrez antolatua zegoen martxa debekatu ostean egin dela deialdi hori, eta deitzaileek jakinarazpen ofiziala gaur egingo duten arren, Urkijok argudiatu du pertsona berberek eta helburu berberarekin egin dutela deialdia. Gainera, Auzitegi Nazionalak orain arteko «jarrera irmoarekin» jarraituko duen esperantza agertu du.

Giza eskubideak eskuz esku

Herriz herri Arrasatera joatekoa zen martxa egin ez zen arren, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko aldarrikapena ez zen Donostia Ospitalean geratu. Dagoeneko preso horien sinbolo bihurtu diren aulki zurietako bat eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala aldean hartuta, Donostiarantz abiatu zen Paulo Agirrebalzategi 70 urteko frantziskotarra. Txalo artean irten zen erietxetik, Fran Balda Herrira-ko kideak lagundurik, eta hamalu pertsonaz osatutako hainbat taldek jarraitu zioten. Ibilbidean zehar gertutik jarraitu ondoren, Ertzaintzak identifikatu egin zuen Agirrebalzategi Illunbeko zezen plaza inguruan. Atzetik zetozen herritarretako batzuei ere eskatu zieten nortasun agiria ertzainek, Herrira-ko kideek beraiek Aulkien martxaren ardura hartua zuten arren. Hala ere, martxarekin jarraitu ahal izan zuten guztiek. Anoetako estadiora iristean, Inaki Irazabalbeitia Aralarreko kideak hartu zion lekukoa fraile frantziskotarrari, eta berak egin zuen udaletxerainoko bidea. 

Han, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta udal gobernuko zenbait kide zituzten zain martxako parte hartzaileek. Alkateak harrera egin zien guztiei, eta bat egin zuen Uribetxebarria eta gaixotasun larriak dituzten presoak etxeratzeko aldarrikapenarekin. Izagirrek adierazi zuen ez duela ulertzen Arrasaterako martxa debekatzea, eta Paulo Agirrebalzategi frantziskotarrak egindako keinua babestu zuen. Horrela bukatu zuen Aulkien martxak goizeko ibilbidea, eta eten txiki baten ondoren, 14:30 pasatxoan abiatu zen berriz ere.

Udaletxe aurrean, ESAITeko Martxel Toledok hartu zituen aulkia eta Giza Eskubideen Adierazpena, eta Groserantz abiatu zen, Bulebarrean barrena. Mirakruz kalea igaro, Groseko tren geltokitik pasa eta Artzain Onaren katedralera heldu ziren horrela. Handik, Antiguarako bidea egin zuen martxak, Kontxako pasealekuan barrena. Arantxa Arruti ezker abertzaleko militante historikoaren txanda izan zen ondoren. Berak igo zuen aulkia, Matia kaletik, Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxera, eta atarian utzi zuten tarte batez. 17:00 aldera iritsi ziren nazioarteko hainbat pertsona ezagunek Aieteko Adierazpena irakurri zuten lekura, eta eten txiki bat egin zuten han.

Beñat Zarrabeitia Herrira-ko kideak eman zion segida eskuz eskuko kateari; Aietetik Amara aldera jaitsi zen martxa, euripean. Han dago Espainiako Gobernuaren ordezkaritza, eta egun osoan aldean eramandako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala utzi zuen han Herrira-ko kideak, 18:00etan. Zarrabeitiak berak, Info7 irratiaren galderei erantzunez, gaixotasun larriak dituzten presoen aldeko mobilizazioekin jarraituko dutela jakinarazi zuen. Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko epaileak Uribetxebarria bisitatu zuen asteartean, eta baldintzapeko askatasunaren inguruko erabakia heltzear egon liteke. Hala ere, Zarrabeitiak adierazi zuen Uribetxebarriak preso jarraitzen duela eta hori dela baiezta daitekeen bakarra. Horregatik, presoa lehenbailehen aske geratu behar dela esan zuen, «legez eta eskubidez hala dagokiolako».

Artean euria goitik behera zela, 19:00 alderako iritsi zen Aulkien martxa abiapuntu eta helmuga bihurtutako lekura, Donostia Ospitalera. Martxan zetozenez gain, erietxean ere zain zegoen jendea. «Josu askatu» oihukatuz egin zituzten azken metroak, eta gainontzeko hamahiru aulkiekin batera utzi zuten egun osoan eskuz esku ibilitako aulkia. Txoriak txori abestuz, eta larri gaixo diren hamalau presoen aulkien inguruan jarrita, txalo zaparrada batek hartu zion gaina erauntsiari.

Azkenik, egunero bezala, batzarra egin zuten Uribetxebarriaren egoeraren eta hurrengo mobilizazioen berri emateko: 11:00etan eta 19:00etan, elkarretaratzeak, eta larunbatean, manifestazioa. Parte hartzeko deia egin du Herrira mugimenduak.



 

Juan Karlos Izagirre, Inaki Irazabalbeitia eta Fran Balda, atzo, aulkia eskutik eskura pasatzen.Gasteizko ekintza. / JON URBE / ARGAZKI PRESSJUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

 

Ertzaintzak 11 lagun identifikatu ditu Gasteizen

Espainiako Gobernuaren Arabako ordezkaritzara kateatzeagatik 11 pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak Gasteizen. Josu Uribetxebarriaren alde egiteko Herrira-k antolatutako protesta batean gertatu zen. Elkarretaratzetik urrundu, eta egoitzaren hesira kateatu ziren protestagileak.



 

Astelehenetik erradioterapia jasotzen du Uribetxebarriak

Astelehenaz geroztik, erradioterapia tratamendua jasotzen ari da Josu Uribetxebarria presoa minbiziari aurre egiteko. Asteartean jakinarazi zuten, Donostiako Ospitalearen aurrean egindako batzarrean. Etxerat-ek adierazi duenez, «ez da erraza jakiten nola eragingo dioten erradioterapia saioek buru-hezur aldeari». Erradiokirurgia gaixotasunari aurre egiteko beste aukera bat izan zitekeen, baina, taldeak dioenaren arabera, ingurua hanpatzeko arrisku larria ekar dezake. «Garuntxoari kalte larria egin diezaioke». Gose greban bi aste igaro ondoren, Uribetxebarriaren ahultasun fisikoa larria da. Ikusi ahal izan dutenek diotenez, pisu asko galdu du eta zirrara eragiten du haren itxurak.



 

ABERTZALEEK SALATU EGIN DUTE DEBEKUA

 

Oskar Matute
Alternatiba

Debekuak «normalizazio politikorako atzerapen larria» direla salatu du Oskar Matutek, Alternatibako bozeramaileak: «Guztiz onartezinak dira giza eskubideen aldeko manifestazioen eta elkartasun adierazpenen debekuak».

Laura Mintegi
EH Bildu

Zuzenbide estatuak batzuentzat neurri bat eta besteentzat beste bat erabiltzea «oso larria» dela esan du Laura Mintegi EH Bilduko hautagaiak: «Estatuak sinesgarritasuna galtzen du». Gaixo dauden presoen aldeko martxa debekatzea salatu du.

Aralar


Aralarrek salatu du «oso larria» dela Espainiako Auzitegi Nazionalak gaixo dauden presoak libre uzteko eskatzeko martxa debekatzea; «adierazpen askatasunari eraso egiten dio, eta giza eskubideen errespetua ukatzen du».

Ramon Jauregi
PSOE

Josu Uribetxebarriaren egoeraz erabakia hartu aurretik Jose Luis Castro epailea Donostiako Ospitalera joatea «egokia» dela uste du Ramon Jauregi PSOEko diputatuak. Gainera, gai honetan PPren gobernua ondo jokatzen ari dela uste du.
www.berria.info

 

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article