Berria.info - Bake prozesuan inplikatzeko eskatu dio Friendship taldeak Europari

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Bake prozesuan inplikatzeko eskatu dio Friendship taldeak Europari

 

Espainiari eta Frantziari «giza eskubideak, zibilak eta politikoak» errespetatzeko esan die, eta ezker abertzalea legeztatzeko

PSE, PP eta EAJren ustez, ezker abertzaleak eta ETAk egin behar dituzte urratsak

Aitziber Laskibar.

Friendship taldeak «oso aurrerapauso garrantzitsutzat» jo du ETAk eraso ekintzak bertan behera utzita dauzkala jakinarazteko kaleratutako agiria. Euskal Herriko bake prozesuaren alde osatu zen Friendship, Europako Parlamentuan. Ekintza armaturik ez egiteko erabakia aldebakarrekoa eta baldintzarik gabea dela nabarmendu du bereziki, eta ETAren urratsa «historikoa» dela adierazi. «Bake prozesu barneratzaile eta atzeraezina eraikitzeko beharrezkoak diren baldintzak sortzeko» urratsaren harira, aukera baliatzeko deia egin du, beraz. Euskal Herrian «jokaleku baketsu eta demokratiko iraunkorra» lor dadin «konpromiso berezia» eskatu die Europako erakundeei, Espainiako zein Frantziako gobernuei, euskal eragile politiko eta sozialei eta nazioarteari.

Europako Batasunak «pauso historiko honen garrantziaz» jabetu behar duela ohartarazi du: «Urrats honek Europako azken gatazka armatua amaitzeko aukera ematen du». Hori hala izan dadin, lanean jarraituko duela ziurtatu du Friendship taldeak -1996an sortu zen, helburu horrekin-, eta, bide horretan aurrera egin dadin, lau eskaera zehatzak egin dizkie gainontzekoei.

Espainiako eta Frantziako gobernuei hitz egin die lehenik, «ardura historikoz» joka dezatela eta «auzitegi bereziak zein euskal alderdi politikoen eta horien ordezkarien kontrako neurriak» indargabetu ditzatela eskatzeko. Halaber, alderdien artean «beharrezko diren elkarrizketa eta negoziazioa» ezartzeko, «alderdi politiko guztien eskubideak maila berean errespetatu» behar direla esan die. «Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatzen diegu euskal herritar guztien eskubide zibil, politiko eta giza eskubide guztiak errespeta ditzatela, salbuespenik gabe».

Ezker abertzalearen aurkako neurriak kentzeko ere eskatu die, espresuki. Ezker abertzaleak bide politiko eta demokratiko soilei eusteko konpromisoa hartu duela, helburu baketsuak dituela eta elkarrizketetarako Mitchell printzipioak bere egin dituela ohartarazi du, horrek, «ezinbestean, mugimendu politiko horren aurkako debekuak kentzea» eskatzen duela ohartarazteko.

Euskal eragile politiko eta sozialei, «gatazkaren konponbideari buruzko akordioak lortuko lituzkeen bake prozesu barneratzailerako» elkarrizketa eta negoziazioetan parte hartzeko eskatu die.

Europako Parlamentuari, Europako Batzordeari eta Europako Kontseiluari hitz egin die ondoren Friendship taldeak. 2006ko urrian Europako Parlamentuak onartutakoa bete, eta «prozesuan parte hartzeko» eskatu die, «arrakastatsua izan dadin». Prozesu horrek euskal herritarrek etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea bermatu behar duela azaldu du Friendshipek, eta herritarrek erabakitakoa Espainiako, Frantziako eta Europako instituzioek errespetatzea «funtsezkoa» dela Euskal Herrian «demokrazia eta bake egonkor eta iraunkorra erdiesteko».

Bruselako Adierazpena kontuan hartzeko eskatu du europarlamentarien taldeak, eta, beraz, «Euskal Herrian jokaleku baketsu eta demokratikoa sortzeko modu eraikitzailean erantzuteko» proposatu dio nazioarteko komunitateari.

Lopez, aldaketen aurka

Patxi Lopez lehendakaria, ordea, oso bestela mintzatu zen atzo bertan ETAri eta ezker abertzaleari buruz. ETAren aurka egiten jarraitzeko asmoa duela esan zuen, eta ez duela asmorik orain arteko politika aldatzeko. «Terrorismoaren aurka egin behar den politika honaino ekarri gaituena da, talde terrorista sekula baino ahulago baitago. Ez da ezer egon [elkarrizketarik], eta, ez bada ezer egon, zergatik aldatu behar da?».

Lopezen esanetan, «argi dago» ETAk ez duela «urratsik egin» eta «Euskadiko alderdi demokratiko guztiek» irakurketa bera egin dutela. Haren hitzetan, ETA «ahul» dago, eta horregatik kaleratu zuen agiria. Egoera hori baliatu eta ETA «garaitzeko» are gogorrago jardun behar dela dio.

Egoera aldatzeko ardura bakarra «ETArena eta haren inguruarena» dela adierazi du Lopezek; «behin betiko urratsa» egin behar dutela: «Ez gara gu ezer egin behar dugunak; eurek egin behar dute; beren ardura onartu, eta herri honetako indarkeria amaitzeko behin betiko balentria izan».

Jesus Egigurenek egiten dituen gogoetei buruz galdetuta, PSE-EEren presidenteak «fedea» duela eta ezker abertzaleak hartutako bidea «atzeraezina» dela uste duela esan du: «Guk hori ekintzekin frogatzea eskatzen dugu».

Urkulluk ere ezker abertzaleari eskatu dio erantzukizuna. «Indarkeriaren loturetatik askatzeko» esan dio, eta hori hala dela frogatzeko: «Kontagailua zeroan dago». Bestetik, «ezker abertzalearen zati bat» indarkeria baztertuko lukeen alderdi bat eratzen ari dela dioten zurrumurruak ikusirik, hori hala izatea nahiko lukeela adierazi du.

ETAren adierazpenaren ondoren ezker abertzaleak egindako irakurketa ez zela EAJk «nahi» zuena azaldu du. ETAren planteamendua ez duela ontzat ematen esan du, eta, ezker abertzalearen egoera aldatzeko, ezker abertzaleak egin behar dituela urratsak.

Antonio Basagoiti PPk EAEn duen presidenteak esan du «Poliziaren lanarekin» eta «ideia bortitzen deslegitimazioarekin» soilik amaituko dela ETA. «Ezin dena proposatu da EA edo indar demokratikoak mendira joatea Batasunaren bila, ez duelako oraindik froga argi bakar bat ere erakutsi ETAtik urrundu edo terrorismoaren amaiera defendatzen duela erakusteko».

Ezker Batua, elkarrizketa eske

Aukera baliatzen saiatu nahi du Ezker Batuak, eta proposamena egin du bide horretan: alderdi guztiek (Batasuna barne) parte hartuko duten aldeaniztuneko foro bat sor dezala eskatu nahi dio Jaurlaritzari, eta legez besteko proposamen bat aurkeztuko du Legebiltzarrean. Patxi Lopez lehendakariaren jarrera gaitzetsi, eta bake eta normalizazioa gauzatzeko mugi dadila eskatu dio Mikel Arana legebiltzarkideak.

 

http://paperekoa.berria.info/harian/2010-09-17/008/007/bake_prozesuan_inplikatzeko_eskatu_dio_friendship_taldeak_europari.htm

Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article