Berria.info - Aurore Martin Espainiako polizien esku utzi dute

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Aurore Martin Espainiako polizien esku utzi dute

Arratseko laurak aldera atzeman dute Maulen, errepide kontrol batean. 20:45ean Guardia Zibilaren esku utzi dute, Biriatun. Maulen Gendarmeriaren aitzinean elkarretaratzera deitu dute bihar eguerdirako. Iazko ekainean Martin atxilotzen saiatu ziren, baina herritarrek galarazi zuten (argazki galeria).

Bideoa: Aurore Martini elkarrizketa 2011eko ekainean, bizitza publikora itzuliko zela jakinarazi ostean.

Batasuneko kidea izatea egotzita, Espainiako epaitegiek Martin atxilotzeko eskatua zuten, nahiz eta Iparraldean legezko alderdi politikoa den. Hain justu, Hego Euskal Herrian ekitaldi politikoetan parte hartzeagatik hura atxilotzeko agidua eman zuen Espainiak. Paueko auzitegiak onartu egin zuen euroagindua 2010eko azaroan.

2010eko abenduan publikoki adierazi zuen bere burua gordeko zuela, eta sei hilabete eman zituen era horretan. Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsiren elkartasuna eta babesa jaso zuen hilabete horietan, eta 80 inguruk agerraldi bat egin zuten, Martin haietako baten etxean gordeta zutela jakinarazteko. 2011ko ekainean itzuli zen bizitza publikora.

Hamabi urteko kartzela zigorra eskatu dute Martinentzat. Iazko ekainaren 21ean Frantziako Polizia Baionan Martin atxilotzen saiatu zen, baina hainbat herritarrek saihestu zuten hura preso hartzea.

Duela hiru aste, Urriaren 10ean, aurkeztu zuten Baionan bake prozesuari bultzada emateko Bake Bidea izeneko mugimendua, eta aurkezpenean izan zen Martin.

www.berria.info

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article