Berria.info - Arantza Zulueta, Naia Zuriarrain, Erramun Landa, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Saioa Agirre, Jose Luis Gallastegi eta Asier Etxabe atxilotu dituzte

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Arantza Zulueta, Naia Zuriarrain, Erramun Landa, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Saioa Agirre, Jose Luis Gallastegi eta Asier Etxabe atxilotu dituzte

 

 

Bilbon, Hernanin, Sopelan, Gernikan eta Azpeitian atzeman ditu Guardia Zibilak, Grande Marlaska epaileak aginduta. ETAren mezulari izatea, etakideen ihesak kudeatzea, etakide berriak lortzea eta erakunde armatuaren 'iraultza zerga'-ren ordainketetan parte hartzea leporatzen die. Juan Mari Jauregiren etxea miatzen ari dira Donostian.

 

Guardia Zibilak Arantza Zulueta, Naia Zuriarrain, Erramun Landa, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Saioa Agirre, Jose Luis Gallastegi eta Asier Etxabe atxilotu ditu gaur Bilbon, Hernanin, Sopelan, Gernika-Lumon eta Azpeitian. Horretaz gain, Juan Mari Jauregiren etxea miatzen ari dira Donostian arratsaldean. El Pais-en webak dio Joxe Domingo Aizpurua ere atxilotu dutela Usurbilen.

Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du operazioa egitea. ETAren mezulari izatea, etakideen ihesak kudeatzea, etakide berriak lortzea eta erakunde armatuaren iraultza zerga-ren ordainketetan parte hartzea egozten die. Auzitegiko iturrien arabera, epaileak Iñaki Lopez Peña ETAko ustezko buruzagiari 2008ko maiatzean atzemandako dokumentuak erabili ditu oinarri gisa.

Gauza bera egotzita atxilotu zuten iazko urrian Joseba Agudo abokatua Hendaian, aurretik Oiartzunen atzeman saiatu ondotik. Kartzelan sartu zuten, eta duela aste batzuk Espainiaratu eta espetxeratu zuten.

Zulueta, Zuriarrain eta Landa Bilbon atzeman dituzte, Sarriegi eta Enparantza Hernanin, Agirre Sopelan -ikastetxe batean, 13:00etan, klasea ematen ari zela-, Gallastegi Gernikan -LABen egoitzan, 12:30ean-, Etxabe Azpeitian -bazkaltzera zihoala; donostiarra da-.

Zulueta, Sarriegi eta Enparantza abokatuak dira, eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak dio Guardia Zibila Zuluetaren Bilboko bulegoa eta beste bien Hernaniko abokatu bulegoa miatzen ari dela.

Inkomunikatuta dauzkate denak.

 

http://www.berria.info/albisteak/40472/Arantza_Zulueta_Naia_Zuriarrain_Erramun_Landa_Iker_Sarriegi_Jon_Enparantza_Saioa_Agirre_Jose_Luis_Gallastegi_eta_Asier_Etxabe_atxilotu_dituzte.htm

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article