Berri.info - Giza Eskubideen Auzitegiak berretsi egin du ANVren legez kanporatzea

Publié le par Abertzaleen Batasuna

EAE-ANVREN LEGEZ KANPORATZEA. ESTRASBURGOKO AUZITEGIAREN EPAIA

Giza Eskubideen Auzitegiak berretsi egin du ANVren legez kanporatzea

Espainiako auzitegiek alderdia legez kanpo utzi zutenean hango kide eta hautagaien oinarrizko eskubideak ez zirela urratu dio

EAE-ANV «Espainiako demokraziarentzat arrisku handia» zela esan du Estrasburgok

AITOR RENTERIA

EAE-ANVren Barakaldoko egoitza, Baltasar Garzonen aginduz itxi ostean. / JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS

 

EAE-ANV legez kanpo utzi zuenean Espainiak ondo egin zuela ebatzi du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Estrasburgok arrazoia eman dio beste behin Espainiari, eta Alderdien Legeari babesa berretsi dio, aurretik Batasuna auzian egin bezala. ANV «Espainiako demokraziarentzat arrisku handia» zela ebatzi du auzitegiak. Giza Eskubideen Aldarrikapeneko 10. eta 11. artikuluetan oinarrituz, alderdiaren legez kanporatzea eta desegitea bertan behera uzteko eskatzen zuen ANVk. Aldiz, Espainiak ez dituela adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna urratu ebatzi du, aho batez, Estrasburgok. Josep Casadevall, Alvina Gyulumyan, Corneliu Birsan, Luis Lopez Guerra, Nona Tsotsoria eta Kristina Pardalosek osatu zuten epaimahaia.

Biltzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna urratu direla zioen ANVk helegitean. Biltzeko eskubideari dagokion 11. artikulua aztertu ondoren, ANVren legez kanporatzea HBren eta Batasunaren legez kanporatzearen antzekoa dela dio Estrasburgok, eta, beraz, kasu haren norabide bereko erabakia hartu du. «Alderdiaren desegitea gizarte demokratikoa bermatzeko beharrezko tresna gisa har daiteke, segurtasun publikoari eusteko zein pertsonen eskubide eta askatasun publikoak babesteko». Horiek horrela, Hitzarmenaren 11. artikulua ez dela urratu ebatzi du Europako Auzitegiak.

Auzitegiak gogoratzen du gobernuak alderdi batean desegitea onartzeko aztertu behar direla haren estatutuak, baina baita haren adierazpen eta jardunak ere. Esku hartze horretan legea ez dela urratu azaldu du, legeak aurreikusten baitu esku hartze hori helburuak legitimoak direlarik. ANVk bortizkeria gaitzesten zuela ageri zen alderdiaren estatutuetan, baina, horrekin batera, haren jarduna aztertu behar dela dio auzitegiak. «Terrorismoa gaitzesteari uko egitea ez da aski epaitegiek alderdi bat legez kanporatzeko jukutria baliatu dutela pentsatzeko, baina gaitzespen argia egitea aski litzateke horrelako borondatea agerian uzteko. EAEk ez du horrelako gaitzespen argirik egin». Hainbat elementutan oinarrituz, Estrasburgok ondorioztatzen du ez direla bete Europako Hitzarmenaren 11. artikuluan ageri diren aipamenak baliatzeko, alegia, jardunean erabiltzen diren baliabideak bat egitea demokraziaren oinarrizko irizpideekin.

«Europako Hitzarmenaren 10. artikuluari doazkion gertakariak 11. artikuluaren azterketan hartu dira kontuan, eta, ondorioz, Auzitegiak ez du berezirik aztertuko, baizik eta 11. artikuluarekin batera» ebatzi du Estrasburgok adierazpen askatasunari buruzko helegitea baztertzeko.

2008an legez kanporaturik

Espainiako Auzitegi Goreneko 61. areto bereziak 2008ko irailaren 16an utzi zuen legez kanpo EAE, eta Konstituzionalak 2009ko urtarrilaren 29an berretsi zuen erabakia, Batasuna legez kanpoko alderdiaren segida zela egotzita.

1930. urtean sortu zen EAE, eta legez kanpo utzi zuten hirugarren aldia izan zen hura, errepublika garaian eta frankismoan ere halaxe egin baitzuten. 2007ko udal eta foru hauteskundeetan aurkeztu zen EAE. Foru zerrenda denak baliogabetu zituen Espainiako Justiziak; herrietakoak, erdiak. Alderdiak, denera, baleko botoak eta baliogabeak barne, 190.000 herritarren babesa izan zuen.

EAEk bitan jo du Europako auzitegira. Alderdia artean legezkoa zela Espainiako auzitegiek 2007ko bozetara aurkeztutako 245 zerrendetatik 133 baliogabetu izana salatzera joan zen aurrena. Estrasburgok 2008ko abenduan eman zuen ebazpena, eta ez zion arrazoirik eman. Atzoko ebazpena kontuan izanik. Estrasburgoko auzitegiak hirugarrengoz egin du Espainiako Alderdien Legearen alde, alderdi abertzaleen helegiteak bertan behera utziz.



 

ANTXON GOMEZ. EAE-ANVKO IDAZKARI NAGUSI OHIA

«Alderdien Legeak dirauen bitartean mehatxua dago»

OIHANA ELDUAIEN

EAE-ANV legez kanpo uzten duten hirugarren aldia da. Hango idazkari nagusi ohi Antxon Gomezek argi dauka hori Euskal Herriaren historiaren isla dela.

Espero al zenuten erabaki hau?

Aspalditik balorazio bat eginda daukagu: epaitegiak bultzada politikoen arabera mugitzen dira. Badakigu Estatu espainiarrak presio izugarriak egiten dituela halakoetan, eta presio horiek egon dira orain ere. Atzoko epaia ahobatezkoa izan zen, baina ANVko zerrenden epaia eman zutenean bi epailek kontrako botoa eman zuten: bat irlandarra zen, eta bestea armeniarra. Hori zerbaitegatik da; beste sentsibilitate bat dagoelako. Epaia espero genuen? Espero zitekeen, bai.

Zein balorazio egiten duzue?

Espero izateak larritasunik ez dio kentzen. Horrek mahaiaren gainean jartzen du errealitate bat: azken urteetan egon diren gertakari politikoekin, batzuek kartola politikoak jarri dituzte, eta badirudi Alderdien Legea ez dagoela indarrean. Esan da legez kanporatzearen zikloa amaitu dela, eta halakoak. Sententzia honek balioko du hori mahai gainean jartzeko. Alderdien Legea hortxe dago, eta mehatxua da, oraindik, gaur egun indarrean dauden alderdi independentistentzat. Eta ez bakarrik Euskal Herrian. Zenbait haitzulo mediatikotatik hitz egiten ari da Kataluniako ERCren edo CUPen kontra, edota Espainiako Estatuan sortzen eta indartzen ari diren talde politiko antikapitalisten kontra.

Legez kanporatzeen aroa ez da amaitu, beraz?

Ez, justu kontrakoa. Damoklesen ezpata dago alderdi independentista eta ezkertiarren kontra. Hori hortxe dago, eta, hemen momentu batean PSOEren edo PPren aldetik aktibatzen bada talde politikoren baten legez kanporatzea, epai hau eskuetan, aurrera joko dute. Hori larria da. Alderdien legea indarrean dagoen bitartean ezin daiteke esan normalizazio politikoa dagoenik. Aukera berdintasunik ez dago politikarako.

Frankismoan legez kanpo utzi zintuzteten, eta orain berriz.

ANV legez kanpo uzten duten hirugarren aldia da, aurrena errepublika garaian izan zen, 1934ko iraultzan parte hartzeagatik, ANVko zenbait batzorde legez kanpo utzi zituzten. Gero Frankismoan, eta orain berriro. Azken finean, herri honen historia da. Esaten dugu 1936tik ez dela urte bakar bat izan euskal preso politikorik gabe, eta, zoritxarrez, esan dezakegu, garai horietatik ez dela hamarkadarik izan ezker abertzaleko erakunderen bat legez kanporatu gabe egon denik.

Epaian akusazio gogorrak egiten zaizkio ANVri: «Espainiako demokraziarentzat arrisku handia» dela, eta «konfrontazio zibila» eragin duela. 

Ez dira argudio juridikoak, politikoak dira. Erakunde bat demokraziarentzat arriskutsua dela esatea... ANVk bozetara aurkeztu zenean zerbait egin bazuen, herri askotara normalizazioa ekartzea izan zen. Ezin dugu ahaztu Lizartza eta antzeko herrietan zein ondorio ekarri zituen Alderdien Legeak. Kalte egin zion elkarbizitzari. Bozetan ikusi dugu ezker abertzaleak zein hedapen daukan. Gizartearen oreka kolokan jartzen da, herri askotan aurreneko indar politikoa dena legez kanpo utzita. Elkarbizitzaren kontrako eraso etengabea da. Errazionamenduak Euskal Herriko errealitatetik kanpo daude. Eta, argudioari buelta emanda, esan genezake PP arrisku bat dela Euskal Herriko elkarbizitza sozial eta politikorako, berea inposatzen ari delako, indarrez, gehiengo bati. Argudio horri buelta ematea oso erraza da.

www.berria.info

Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article