aralar.net - Aralarrek eta ABk alderdi abertzaleei elkarlanerako deia egin die, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko urratsak emateko

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Aralarrek eta ABk alderdi abertzaleei elkarlanerako deia egin die, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko urratsak emateko

Aralar-AB 

 

Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak dei zuzena egin die Euskal Herriko alderdi abertzale guztiei, “salbuespenik eta bazterketarik gabe, elkarlanaren bidetik, akordio politiko bat bilatu dezagun, herri honek bere etorkizuna erabaki ahal dezan urratsak emateko. “Herri hau herria dela, eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela aitortzen duten guztien artean indarrak batzera deitzen ditugu alderdi guztiak”. Zentzu horretan, erabakitzeko eskubidearen defentsak gehiengoa batzea eskatzen duela azpimarratu dute.

Erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko, beren ibilbide orria zein den azaldu dute Aralarrek eta ABk. “EAEn eta Nafarroan erabakitzeko eskubidea biltzen duen estatutu berria idatzi, eta Ipar Euskal Herrian lurralde elkargo batean gauzatuko den ezagutza instituzionala. Bakoitzak bere erabaki esparrutik, eta bere errealitate sozial eta politikoa aintzat hartuta, herri bezala ditugun erronkei heldu behar diegu. Bat gatozen gai horietan desberdintasunen gainetik adostasunak bilatu behar ditugu, herri bezala ditugun eskubideak defenditzeko eta egoera aldatzea nahi ez dutenei eragiteko”.

 

Prentsaurrekoa egin dute gaur goizean Donostian Aralarreko Jon Abril koordinatzaileordeak eta Rebeka Ubera antolaketa idazkariak eta ABko idazkaritzako kide Andde Sainte-Mari eta Joseba Garaik, egoera politikoaren eta etorkizuneko ezker abertzalearen beren irakurketa bateratua aurkezteko. Erabakitzeko eskubidearen inguruan elkarlana eskatu duten bezala, gauza bera eskatu dute ezkerreko esparru abertzalean. “Sentsibilitate bi, eta alderdi edota mugimendu politiko ugariz osatua egon da ezker abertzalea historikoki. Egoera hori ez dugu egun batetik bertzera gaindituko, baina Abertzaleen Batasunak eta Aralarrek, eztabaida hori mahai gainean jarri, eta etorkizuneko ezker abertzalearen oinarrietaz eztabaida sustatu nahi du”.

 

Azpimarratu dutenez, gaur egun ezker abertzalea “anitza eta zabala” da. “Baina zatituta dago. Etorkizunean, zatiketak gainditu, eta indar metaketa edo konfluentzi bat bideratu beharko dugu. Ezker abertzale horrek nolakoa izan behar duen, konfluentzi, batuketa, konfederazio, federazio... eta bere barne antolaketa, ildo politikoa eta ideologikoa eztabaidatu eta adostu beharrekoak dira”.

 

Baina horretarako oztopo nagusia ETAren existentzia dela ohartarazi dute. “Bakerako bidean urratsak ematen badira, eztabaida honetan ere sakontzen joan behar dugu. ABk eta Aralarrek eztabaida hau beharrezkoa ikusten dugu, eta berau bultzatuko dugu. Ezker abertzalearen bategitea elkarren errespetutik abiatu behar du, abangoardiak utzirik, dauden errealitate eta sentsibilitateak aintzat harturik; bide politiko eta demokratikoetan sakonduz, politika egiteko molde berriak azalduz, eta alternatiba politiko, sozial, ekonomiko eta ekologiko bat gizarteratuz”.

 

Bestalde, eta ETAk igandean plazaratu zuen agiriaren harita, Aralarreko eta ABko ordezkariek esan dute “itxaropenez” bizi dutela egoera politikoa, “Euskal Herria bake bidean jarriko duen aldiaren aitzinean egon gaitezkeelako, herritarren gehiengoak eskatzen duen moduan. Itxaropenez, bakerako bideak ere normalkuntza politikoan sakontzen laguntzen ahal duelako”. Bakerako bidean “zailtasunak” izan daitezkeela ohartarazi dute. “Baina zailtasunen gainetik, jokoan dagoena handia dela uste dugu: bakea. Ahalegin horretan, guztiok paratu behar dugu gure aldetik”.

 

Era berean, dei zuzena egin diete Espainiako eta Frantziako Gobernuei eta ETAri. “Eskuzabal jokatzea eskatzen diegu, argitasunez eta aitzinean dagoen aukerari inongo aterik itxi gabe. ETAk ere, eskuzabaltasun bera erakutsi behar du, eta igandean publiko egin zuen agirian sakondu, eta eraso armatuei behin betirako itxiera eman behar die, gibelera egiteko edozein aukera behin betirako errotuz”.

 

http://www.aralar.net/aktualitatea/aralarrek-eta-abk-alderdi-abertzaleei-elkarlanerako-deia-egin-die-erabakitzeko-eskubidea-gauzatzeko-urratsak-emateko

Publié dans Abertzaleen Batasuna

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article