AB-ARALAR eta HERRIEN EUROPA-BERDEAK KOALIZIOA

Publié le par Abertzaleen Batasuna

 ABERTZALEEN BATASUNA Ipar Euskal Herriko mugimendu politikoak ARALAR alderdiaren eskutik, Europako hauteskundeak direla eta, Herrien Europa-Berdeak, Independentistak eta Ezkertiarrak deituriko koalizioan parte hartzea erabaki du.

Partehartze honen arrazoinak ongi sustraituak direla uste dugu. Alde batetik, Euskal Herriarentzat Europako hauteskundeek duten erronka bereziaren aintzinean, ezkerreko abertzale gisa erakutsi behar genukeen erantzunkizun politikoan eta bestetik Abertzaleen Batasunarenak diren ohiko jarduera eta hautu politiko eta estrategikoetan.

 

Azpimarratu behar da, bost urteetarik behin bada ere, zazpi Herrialdeetako euskal hiritarrek ber egunean eta ber parlamentura bozkatzeko eskubidea eta ahalmena dugula. Orain arte bederen, hauteskunde bakarra da nun eta indarrean dagoen hiru eskualdeetako zatiketa juridiko eta politikoa nolabait gaindituz, gure hiritartasuna elkarrekin erakusten ahalko dugun. Horregaitik garrantzitsua da hain zuzen ere, sentsibilitate politiko bera duten abertzaleak heien programa eta proposamenak Euskal Herri osoan zabaldurik, mugaz bi aldeetan aurkez daitezen.

 

Zeren eta ororen buru, nahiz eta nagusiki bere  jarduera politikoa Iparraldean kokatzen den, funtsean AB-ren ikuspegia, ikuspegi  nazionala da, hots, zazpi Herrialdeei begira ari dena. Honela beraz, ezker abertzale politiko eta zibilaren eraikuntzan ARALARrekin eramaten dugun elkarlana guretzako garrantzitsua ezezik baitezpadakoa ere bada. Alabainan, bai AB-k eta bai ARALARrek soilik zibil eta politikoa izan nahi duen ezkerreko alternatiba abertzalearen kultura berritua zabaltzeko ahaleginetan, prozesu eta mugimendu ainitza bezain partehartzaileak bultzatzeko nahikunde irmoa dute.

 

Bide batez, hautes barrutien haunditasuna kontuan harturik, Ipar Euskal Herrian José Bové buru duen Europe Ecologie koalizioa sustengatzea eta hartan parte hartzea AB-k egin duen hautua, Hegoalderako egindakoarekin osoki bat dator. Oroitarazi behar dugu Europe Ecologie koalizioan, Frantziako ekologista eta altermundialistez gain, estaturik gabeko hainbat nazioetako ordezkariak ere kide ditugula : besteak beste, Bretainiako UDB alderdia, Kataluniako ERC, Okzitaniako Parti Occitan, Korsikako Partitu di a Nazione Corse. Ahantzi gabe bistan dena, Eusko Alkartasunak koalizioari ekartzen dion sustengua.

 

Honela beraz, Strasbourgeko parlamentuan Euskal Herriko boza entzuna izan dadin, ezkerreko abertzaleen ordezkaritza politikoa segurtatua dela erran genezake. Eta ez da lorpen txikia izanen, izugarria baita gure Herriak Frantses zein Espainol estatuetarik pairatzen duen menpekotasuna, jasaiten dituen mespretxu eta gutxiespenak. Bai zalantzarik gabe, Europako herrietan zaharrenetarik zaharrenetan den Euskal Herriak ezagutzen duen salbuespen egoera gaitza, eramaten dituen borrokaldiak, plazaratu nahi dituen aldarrikapenek bere oihartzuna ukan beharko lukete Europako erakunde guzietan.


Alabainan, hona hemen guretzat zein diren Euskal Herriari begira Europako erakundeetara ere aztertu, erantzunkizunez jorratu eta eraman beharko liratekeen lan ildo eta aldarrikapenak :

Euskal Herria nazio bezala onartu eta bere geroaz erabakitzeko eskubidearen aitorpena.

Euskal Herria, nazio bezala zor zaizkion aitorpen eta ezagupena. Izan ere, bere etorkizuna bermatua izan dadin Europari ere badagokio ezinbestez gure Herriaren izaera eta lurraldetasuna onestea eta horrekin batera, Euskal Herriak bere geroaren jabe izateko eta erabakitzeko duen utziezinezko eskubidea indarrean ematea. Ildo beretik oroitarazi behar da, Ipar Euskal Herriari oraindik ere behin eta berriz ukatzen zaiola bere ezagupena. Inongo exeistentziarik ez duen herri batean bizi gara. Aski da mespretxuaz ! Ipar Euskal Herriak behar bezainbesteko eskumenekin hornitua litekeen instituzio berezi baten behar gordinean da, jendarteak dituen arazo eta premiak ahalik eta hobekien kudeatzeko gisan.

 

Euskararen ofizialtasuna baitezpadakoa da.

 

Euskarak, Europako hizkuntzetan zaharrenetarik, bere ofizialtasuna behar du Euskal Herria osoan. Bereziki Ipar Euskal Herrian, nun oraindik ere eta nahiz eta botere publikoek gure mintzairaren sustapenean hasiak diren zenbait urrats ematen, lege baten babesik gabe Euskara etenik ezagutzen ez duen galbidean doan. Gisa berean oroitarazi behar dugu berriz ere, Frantses Estatuak ez duela Europako Kontseiluko Eskualde eta hizkuntza gutxituen eurokarta izenpetu, konstituzioaren 2garren artikuluaren aurka joaten delakoan. Hots, Errepublikako hizkuntza bakarra Frantses mintzaira dela aitortzen duena. Noiz arte urtziko dute Euskara merezi eta premiazkoa duen ezagutzarik gabe?

 

Europa demokratiko, solidario eta ekologiko baten alde.

 

Bestalde Europako Batasuna osatzen duten estatuak, munduko beste lurraldeetan bezala, hein haundiko krisialdi ekonomiko, sozial eta ekologikoan murgildurik dira. Neurri haundi batean, Europako Batasunaren geroa bidegurutzean aurkitzen da: edo liberalismo ekonomikoaren logikan jarraikitzen du jendarteetan desberdintasun sozialak eta injustiziak oraino sakonagoak bilakaraziz, ala guzti ahalduna bezala aurkezten diguten merkatu horren gainetik demokrazia, jendetasun eta elkartasun baloreetan bereraikitzen da. Dagoeneko, langileek eragin ez duten krisi ekonomikoaren aintzinean, erabaki sendoak hartu behar lirateke Europako Batasunean eta ez gertatu bezala, estatu bakoitzak bere zokoan deusetarako baliorik ez duten ekonomia abiarazteko plangintza antzuak indarrean eman.

Ipar Euskal Herrian ere hainbat lantegik zailtasun frango badituzte. Sail produktibo osoak zalantzetan izanen dira, multinazional haundien deslokalizatzeko joera gelditu ezean. Ondorioz, kinka larrian aurkitzen ez diren eta gainera etekin haundiak dituzten lantegietan, langileen kanporatzeak debekatu behar lirateke. Horrekin batera, gutxieneko hilabete sariak emendatzea baitezpadakoa da  jendearen erosteko ahalmena segurtatu ahal izateko. Zerbitzu publikoen desegitea ez dator bat ekonomia suspertzeko politika batekin eta goiz ala berantago finantza sistema eta bankuetxeak kontrol publikora iragan behar dira.

 

 

Laborantxa iraunkor eta herrikoiaren sustapena.

 

Ipar Euskal Herrian laborantxaren geroa arranguraz ikusten da. Azpimarratu behar da Baxe Nafarroa eta Xiberoko herrialdeetan, lanpostuetan laurdenak baino gehiago ari dira laborantxan lanean, %26,3 eta %21,5 hurrenez hurren. Baxe Nafarroako eta Xiberoako portzentaiak Europako beste estatuetakoekin alderatuz, oso portzentaia haundiak dira. Arlo honetan ere, laborantxa ulertzeko bi logika buruz buru garatzen ari dira: alde batetik, Amankomunezko Laborantxa Politikak ( PAC ) orain arte bederen, bultzatzu duen laborantxa intentsibo eta industriala, soilik etekin ekonomiko haundiei begira dena. Oraino larriago, prest litekeena jendartearen osagarriaz den mendreko axolarik erakutsi gabe, landare transgenikoen erabiltzeko. Bestaldetik, ingurumenarekin bat eginez garapen iraunkor eta ekologikoan oinarritzen den laborantxa herrikoia.

Izan ere, laborantxan diren lanpostuak atxikitzeko eta berrien sortzeko politika publiko baten beharretan gara. Hain zuzen ere, etxalde tipiak sustengatuko dituen laborantxa politika behar dugu eta ez orain arte bezala desagertzera kondenatzen dituena. Horregaitik, Ainhize-Monjoloseko Laborantxa Ganbara behar beharrezkoa zaigu eta bere defentsan Europan ere arituko gara.

 

Krisialdi ekologiko gaitzari premiazko aterabideak aurkitu behar dira.

 

Amalurra ikaragarrizko krisialdi ekologikoa jasaiten ari da. Sistema ekonomiko xurgatzaile eta aseezinaren ondorioek dagoeneko sendatzeko zailak diren gaitzak barreiatu dituzte lurbira osoan. Munduko biztanleriaren %25ek planetan diren baliabide energetiko eta ekonomiko gehienak ustiatzen eta kontsumitzen dituzte. Haatik, Europako Batasunak garapen garbien eta energia berriztagarrien alde finkaturiko helburuak oraino eskasak gelditzen dira. Komenigarria litzateke ingurumenarekin begirunez garatuko diren beste logika eta norabide ekonomiko eta energetikoak plantan ematea.

Ildo berean, ulertezina da Abiadura Haundiko Trena bezalako egitasmo erraldoiak Euskal Herrian kosta ahala kosta gauzatu nahi izatea. Izan ere, xede honek dakarren xahutze ekonomikoaz gain, sendaezinezko orbainak eraginen ditu gure orografia maldartsuan. Aski ongi ustiatuak ez diren oraiko trenbideak hobetzearen alde gara, jende eta merkantzien garraiatze lanak ikuspundu sozial eta ekologikoan burura ditzaten.

 

Euskal presoen sakabanaketa politikarekin bukatu.

 

Azkenik, Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoan bakegintzaren aldetik ezinbesteko urratsak emateko garaia dela iduritzen zaigu. Hain zuzen ere, Urrats edota jendetasunezko ekimenak euskal presoen sakabanaketa politikarekin behin betirako bukatzeko.

 

 

Horra  beraz, independentistak eta ezkertiarren indarrek Europara eraman nahi dituzten egitasmo eta aldarrikapenak.

Commenter cet article