Europe Ecologie bozka ! Abertzale Bozka !

Publié le par Abertzaleen Batasuna



José Bové Estrasburgoko Parlamentuan : abertzaleen mezua Europa mailan eta europar eraikuntzarako beste eredu baten alde borrokatzeko engaiamendua entzunarazteko parada.

 

09ko otsailaren 28ko Biltzar Nagusian, datorren ekainaren 7an antolatuko diren europar hauteskundeetan parte hartzea erabaki zuen ABk.

 

Biltzar Nagusi hark eztabaida aberats bat sortu zuen, oinarrizko galde honen inguruan : zergatik eta zer helbururekin joan hauteskunde horietara ? Galde horri eman erantzunak esplikatzen du gehienbat egin genuen hautua, eta hori behar dugu ongi gogoan atxiki, hautu hori jendeari esplikatzerakoan.

Lehenik eta bat, guziz garrantziazkoa da oroitaraztea, Europak azken 40 urte hauetan bederen abertzale mugimenduarentzat ukan duen neurria.

 

Horra hor koadro bat :

 

Guziz egokia, Estatudun edo Estatu gabeko populuen garapenerako, adibidez bideratu nahi dugun egitura federal baten barnean ;

Estatu-Nazioen gainditzea erakar dezakeena, bereziki gaur egun Euskal Herriaren bereizkuntza atxikitzen duten nazioena.

Eraikitzen ari den nazioez gaineko elkargo batentzat ; gure eguneroko bizitzan gero eta sail gehiago baldintzatzen ditu Europak jagoitik, mundializazio neoliberalaren logikaren arabera, nahiz eta guhaurek beroni buruz begirada kritikoa ukan, hiritar ezkertiar eta abertzale gisa, altermondialista eta antiliberal logikaren bidetik.

 

 

Euskal Herria ez da, eta nehoiz ez da izan bere baitan bildurik bizi den lurralde bat, baizik eta Europaren eraikitzen parte hartu duten harreman guzien iraganbide, gurutzamen-gune eta eremua. Pirinioetako gure 20.000 m2-ak gainditzen dituen neurri horren konprenitzea eta aldarrikatzea, horra justuki guk AB baitan bizi dugun abertzaletasuna. Gure abertzaletasuna ez da nazionalismo hertsi eta zaharkitu bat.

 

ABko militanteentzat, europar mailan inplikatzea behar-izan premiatsu bat da eta epeburu horretan ez izaitea ezina zaigu.

 

Biltzar Nagusian, ipar Euskal Herriari buruz bi ahalbide ginauzkan :

 

ez aurkeztea eta behar balitz beste zerrenda baten sostengatzea.

edo Europa-Ekologia deitu zerrendarekin aurkeztea.

 

Iparraldean beste zerrenda baten aldeko sostengua, ‘Herritarren Zerrenda’-rena baizik ez zitekeen izan. Hauteskunde horien karietara ‘Euskal Herria Bai’ formula errepika genezakeen, baina EA, RPS (Eskualde eta Populu Elkarzale) –ko kide izanik ‘Europa Ekologia’-rekin engaiatua zen jadanik eta Batasunak argi eta garbi jakinarazi zigun berak ‘Herritarren Zerrenda’ berretsiko zuela. Hauen urratsa jadanik giltzaturik zegoen. Beraz, horrelako zerrenda batean ABren lekua ez-segurua baino gehiago gertatzen zen eta gutienez arazoduna. Puntu hau beraz argi geldi bedi. ‘HZ’ Batasunak daraman zerrenda bat izanen da eta beste abertzale elkarte guziei hetsia.

 

 

Elkarretaratze hori egin bazitekeen ere, Bitzar Nagusiak argi erakutsia zuen jarrera arduradun baten hartzeko gogoa zeukala, europar jokagaiaren heinekoa eta kuraiosa Euskal Herrian zegoen arrisku politikoari begira. Arriskua alabaina, ezen 2004ko europarren ondorioak erakutsi baitigu, abertzale munduko zati handi bat, ABko kideak barne, Euskal Herriaren mintzoa Europaren aitzinean aldarrikatuko zuen abertzaleen arteko zerrenda baten ideiak liluratu zuela. Europak ordezkatzen duen jokagaia anitzez garrantzitsuagoa da, ondorio politikorik gabeko aurkezpen sinboliko baten bidez zenbatzeko parada ukaitea baino, 260.000 jenderi buruz zuzenduz bakarrik, ehun milaka direlarik hautesontzietan mintzatuko direnak.

 

2004an, apustu handizalea egin zuen AB-k, G.Onestari konfiantza eginez, Euskal Herriaren bozeramaile eta helgune izaiteko Bruzelasen, kanpaina garaian baina ere ondorengo bost urteetan. Honek ez du aldi bakar batez hutsegin bere egitekoa : euskal alderdien harrera          (Batasunakoak barne, beste europar parlamentariek baztertzen zituztelarik), legez kanporatze neurrien edo europar atxilotze aginduen salaketa, bakebidearen sostengua eta « friendship »-en sortzea, iparraldetik galdegin zaionean ekimen aldietan parte hartzea ( « Bakearen Artea » eztabaida, Laborantza Ganbararen kontrako auzia) etabar… Guri dagokigu bilan horren oroitaraztea, 2004ko europar hautes kanpainan ABk egin apustu zailaren ondorio izan dena. Sinbolo baten alde bozkatzea, berau nahi bezain erakargarria izanik ere, lerrokatu dugun hori dena galtzea da. Baina, emaitzak abertzale jokagai soilak gainditzen ditu. Onestaren bilanak europar politikaren alde guziak hartzen ditu (ekonomia, OGM edo jatorriz aldatu haziak…) eta  gaur egun José Bovéren alde agertzen dira, beronek bere nortasun alter-mondialistaren kolorea gaineratuko diolarik. Ez ahantz Europa Ekologia zerrenda ez dela berdeen zerrenda bat, baina printzipio-karta baten inguruan bildu diren mugimendu politiko eta sozialen plataforma bat.

 

Bové bera laborantza mailan eraman borrokengatik ezagutua da batez ere eta Euskal Herrian eraman diren dinamika anitzetan erreferentzia gisa baliatua izan da. Bere zerrendaren izenean, guretzat garrantzia handia daukaten printzipio anitzen ekarle da (PAC erreforma, Europa demokratikoago baten bilatzea, etabar…). Jada 2004an ABren sostengurako oinarri izan ziren puntu guzien alde mintzatua da argiki ( Euskal Herriaren autodeterminazioa, euskararen estatutua, euskal preso politikoen eskubideak, etabar…) eta daukan komunikazio kemenak printzipio horiei Europa mailan emanen dien hedapenaren irudikatzera erakartzen gaitu.

 

Atzo bezla gaur egun, eta oraino luzaz zoritxarrez, iparraldeko abertzale mugimendua ez da bere izenean present izanen europar mailan, gaitzekoa baita dagoen hautes-eremua. Kantu xaramelaren heina gainditu, europar egitekoen erdian egon eta gure jarrera lantzeko beharrezkoak ditugun tresnak barnetik eskuratu nahi baldin baditugu, aliantza zabalago baten beharra guregain hartu behar dugu eta emankorra izan dadin gure ahal guzia egiteko gai izan behar dugu. Koherentziaren izenean, gero beraien sostengua guhauri ekartzea galdeginen diegunak hautatuak izaiten laguntzeko gai izan behar dugu.

José Bové gabe, iparraldeko ezker abertzalearen  mezua Bruselasko parlamentuan ez da egonen. Baliozko bozka abertzalea, Jos Bové bozkatzea da.

 

Horra zergatik den garrantzitsua, abertzale bakoitzak kanpaina honetan parte har dezan, esplikatuz hautu hau dela egiazki arduraduna iparraldeko abertzale batentzat eta hemendik ekainaren 7a bitartean bere denboratik pixka bat eman dezan.

 

Hori da europar hautetsi baten ukaiteko prezioa.

 

ABko idazkaritza

Commenter cet article